Ugutz Zelaieta Fernandez

Eraikitakoa eraisten denean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 5a, 07:00

Ibil zaitez arriskurik gabe goiburupean, teilatuetan gertatzen diren lan istripuak saihesteko kanpaina egin du udan Nafarroako Gobernuak. Kanpaina horren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko arduradunek teilatuetatik eta nabe zein etxebizitzetako estalkietatik eroritakoen lan istripuak saihestea dute helburu. Datuak ageriko eginez eta horiek ardatz hartuz bideratu dute kanpaina. Jakitera eman dutenez, hondarreko hamaika urteetan Nafarroan altuera handietan lanean aritu diren langileen artean 238 istripu izan dira. Gehiago ere bada. 2010az geroztik 12 lagun hil dira.

Azken hamarkadan gertatu diren 238 istripu horietako bat barrenetik bizi izan zuen Ugutz Zelaieta Fernandezek (Oiz, 1990). Eraikuntza alorreko lanetan urte batzuk bazeramatzan arren, 2012an hasi zen etxebizitzak eta bentak hutsetik eraikitzen eta teilatuetako lanak egiten. Hiru urteren buruan ailegatu zitzaion uzteko momentua, baina ez zen bere aukera izan, istripu batek eragindakoa baizik.

Bizitza aldatu zion krakada

2015eko azaroaren 25ean, Dantxarinean benta handi bat eraikitzen ari zirela, gertatu zen ezbeharra: «egun euritsu bat zen. Teilatu guztia kofratua genuen eta goizean hormigoia botatzen aritu ginen...».

Eguerdian, bazkaltzera joateko momentuan, makurtu zen dena: «arduraduna eta biok kofratua ikustera joan ginen eta bi eskora, hau da, kofratua eusten duten burdin zati edo puntalak, oker zeudela ikusi genuen».

Hori horrela ezin zenez utzi, eta zer egin ez zekitenez, obrako arduradunari jakinaraztea erabaki zuten: «Bertze eskora edo puntal batzuk sartu beharko genituela erran zigun eta pare baten bila joan nintzen». Ez zuten deus egiterik izan, ordurako berandu zen: «Krakada handi bat aditu orduko bi arduradunak hankaz goiti joan zirela ikusi nuen».

«Krakada aditu eta arduradunak erortzen ikusi nituen»

Ugutz ZELAIETA FERNANDEZ

Gertaeraren ordua oroitzapenean iltzatua du: «bazkaltzera joatekoak ginenez mugikorra sakelan nuen eta orduantxe emaztea deika nuela ikusi nuen, 13:04 ziren. Hauxe akitu, bazkaldu eta deituko diot pentsatu nuen». Hurrengo oroitzapena «lurrean etzanda» du oiztar gazteak: «Oihu egiten nuela uste dut, baina ez dakit zerbait adituko zen ere. Lankideak oihuka sumatu nituen, arduraduna ez zutela harrapatzen erraten zuten, nire anaia negarrez sumatzen nuen, Zugarramurdi eta Urdazubiko medikua etorri zela oroitzen dut, baita anbulantziakoa Lesakako Txaro zela ere... Egia erran, denaz oroitzen naiz, konortea ez nuen denbora luzez galdu eta Iruñean lokartu ninduten arte gehiena oroitzen dut».

Zainketa Intentsiboen Unitatera pasatu zuten gero, eta, pixkanaka hoberantz egin zuen: «ospitalean hilabete eta erdiz eta etxean bertze bi hilabetez ohatze artikulatu batean egon nintzen, hortik mugitu gabe...». 

Langile bat hil eta hiru zauritu ziren 2015eko azaroaren 25ean Dantxarinean gertatutako istripiuan.

Ondorioak

Istripuaren ondorioz, «pelbisa txikituta, eskumuturrean eta belaunean hezur batzuk hautsita...» gelditu zitzaizkion baina «ondorio handiena» aldakak utzi diola nabarmendu du: «pelbisa bete-betean harrapatu eta txikitu zidanez aldaka kendu eta burdin batzuk paratu zizkidaten. Ordutik, ez dut lehen nuen mugimendu hori, inondik inora ere».

Orain «lehen nintzenaren erdia ere ez» dela sentitzen du Zelaietak: «honekin bizitzen ikasi behar izan dut. Egunerokoan egiten nuena ez zait gehiegi aldatu, bai, ordea, hori egiteko modua».

«Lehen nintzenaren erdia ere ez naiz orain»

Ugutz ZELAIETA FERNANDEZ

Fisikoki, adibidez, «lehen egunero aritzen nintzen pilotan ez bazen palan, futbolean, mendian, bizikletan... Orain, neure burua behar baino gehiago bortxatzen badut, hozten naizenean txikituta gelditzen naiz, maingu, bizkarreko mina sumatzen dut eta ezin lorik egin egoten naiz... Ordu erdiz edo pilotan aritzen banaiz, zapatilak lotzeko ere gai ez naizela gelditzen naiz eta orekan ere aunitz sumatzen dut». Eta horrek, modu berean, «lehen nuen konfiantza hori ez izatea» eragin dio: «lehen itsu-itsuan eginen nukeena egiteko orain bi aldiz pentsatzen dut, semeengatik bereziki».

Hala ere, «izan zitekeena ikusita, arrunt ongi» dagoela dio: «metro bat harago banengo akaso ez nintzateke bizirik egonen, eskoren edo puntalen bila joan nintzelako libratu nintzela erran zidaten. Teilatua osorik erori zen, eta ni eskorak edo puntalak zeuden toki hartan nengoenez, zulo batean gelditu nintzen».

Arrasto haundia utzi du gertaerak Zelaietarengan, baita bere etxekoengan ere: «seme zaharrenak, Hegoik, bertatik bizi izan zuen eta oraindik ere hor du orduko oroitzapen hori. Berriz ere lanean hasiko nintzela erran genionean ez zuen berriz joatea nahi, lana horrekin lotzen zuelako edo...».

Hildako bat eta hiru zauritu

Zelaieta ez zen istripu horretan zauritu zen bakarra izan: «arduraduna bertan hil zen eta bertze bi zauritu ziren. Hiru langile izan ginen zaurituak». Gertaerak, gainera, guztiei aldatu zien bizitza: «Hirurok lana utzi behar izan genuen. Zaurituetako batek 60 urte zituen orduan eta aurretiko erretiroa hartu zuen. Bertzea eta ni, berriz, gaur egun lanerako ezintasunen bat dutenendako egokituta dauden enpresetan ari gara lanean».

«Istripuak arrastoa utzi du niregan eta familiarengan»

Ugutz ZELAIETA FERNANDEZ

Bere kasuan, mina fisikoa da, baina «lankideari psikologikoki ere ondorio handia» utzi diola gaineratu du: «orain obra bat ikuste hutsak gain hartzen dio. Azken batean dena ikusi zuen eta latza izan zen...  Nik ez nuen deus ikusi, eskerrak». 

Neurrien beharra

Gisako istripuen berri izatean eta datuak aditzean «lotsa eta mina» sentitzen ditu oiztarrak: «istripuak gertatzen diren momentuan ohartzen gara segurtasunak duen garrantziaz. Zauritu horiek hildakoak izan zitezkeen».

Istripuen gibelean «faktore aunitz» daudela nabarmendu du: «batzuetan presaka, presiopean, lanean aritzearen edo enpresak dirua aurreztearen ondorio izan daiteke, bertze batzuetan, berriz, langileak berak bere buruarengan konfiantza izan eta neurriak ez hartzeak eragindakoa...».

Euren kasuan, erraterako, «jo eta ke, egurra» aritzen zirela nabarmendu du. Eguraldiak edo egoerak ez zuen euren egunerokoa baldintzatzen: «euria, elurra... zela ere teilatuan aritzen ginen... Istripuaren egunean ere euria leher ari zuen. Batzuek 'euriarekin hormigoia botatzea bururatzea ere...' pentsatuko dute baina horixe zen eman ziguten lana eta hori egin genuen...».  

«Huts txiki batek bizitza goitik beheiti alda dezake»

Ugutz ZELAIETA FERNANDEZ

Gisako gertaerak «kasu batzuetan behintzat» saihesten ahal direlakoan dago: «gure istripua gertatu eta hilabete batzuen buruan obrara joan nintzen eta nagusiak berak gauzak bertze modu batera egin izan balira istripua ez litzatekeela gertatuko erran zidan... Guri gertatu zitzaiguna lotsagarria da».

Hortaz, segurtasuna lehenetsi eta «neurriak hartzea» ezinbertzekoa dela uste du: «enpresak  langileei beharrezkoak diren baliabideak –jantziak, arnesak...– eman beharko lizkieke eta hori zaindu beharko lukete; eta, horrekin batera, langileek ikastaroak jaso beharko lituzkete».

Bere kasuan, gertakaria bera izan zen begiak ireki zizkiona eta «huts txikiena ere» aski dela ohartzeko bide eman ziona: «gertatu arte halakoak ez direla pasatzen pentsatu ohi dugu, baina ez da horrela. Eraikuntzan, mendian eta gisa horietako lanetan ari direnei mila begi erabiltzeko eta konfiantzarik ez izateko erranen nieke. Esperientzia izanagatik edota sasoi onean egonagatik, pasa daitekeela buruan izateko eta kontuz ibiltzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun