COVID-19: Azken datuak

Sei positibo atzeman zituzten atzo eskualdean: bina Beran eta Goizuetan eta bana Arraiozen eta Beintza-Labaienen

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 27a, 06:33

87 positibo atzeman zituzten atzo Nafarroa osoan.

Atzo sei positibo atzeman zituzten gure lurraldeko herrietan: bi Goizuetan, bi Beran eta bana Arraiozen eta Beintza-Labaienen. Nafarroa osoko datuei erreparatuta, atzo 87 positibo atzeman zituzten. Atzo, abuztuak 26, zazpi pertsona ospitaleratu zituzten, horietako inor ZIUan, eta pertsona bat hil zen.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 705 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 973 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 577 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.231 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, abuztuak 26, 1.187 proba egin zituzten eta horietatik 87k positibo eman zuten (%7,3)

COVID-19ak jota, atzo, abuztuak 26, zazpi pertsona ospitaleratu zituzten, inor ez ZIUan, eta pertsona bat hil zen. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 90 daude ospitalean, horietatik 24 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak kontatuta 80.354 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.221ekoa.
 
Nafarroan 910.735 txerto eman dituzte atzo arte. Atzo, abuztuak 26, 3.590 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 459.788 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

12 urte edo gehiago dutenek online har dezakete hitzordua

12 urte edo gehiago dutenek Osasun Karpeta Pertsonalean sar daitezke eta hautatu zein toki, egun eta ordutan hartu nahi duten txertoa.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun