Koronabirusa

Asteazkenetik aitzinera hitzordua eskatu gabe joan daiteke FOREMera Covid-19aren kontrako txertoa hartzera

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 23a, 15:30

Koronabirusa izan dutenek ere, bi hilabete pasatuta txertoa hartzeko aukera dutela oroitarazi dute Osasunbideko agintariek.

Asteazkenetik aurrera, nafarrek Covid-19aren aurkako txertoa hartzeko aukera izanen dute, lehendik hitzordua eskatu beharrik gabe. Aukera hori, oraingoz, FOREMen lehengo egoitzan eskainiko dute, Mutiloan.

Gaur egun ZIUan dauden kutsatuen % 80k ez dute txertoaren dosirik hartu

Osasun Departamentuak txertaketa prozesua ahalik eta gehien malgutzeko eta egoera bakoitzera egokitzeko duen estrategiaren barnean sartzen da erabaki hau. Helburua txertoen babesa ahalik eta gehien areagotzea da, txertoaren eraginkortasuna egiaztatuta baitago birusak kutsatutakoen artean ospitaleratzeak eta heriotzak murrizteko funtsezkoa izan dela, azken buletin epidemiologikoen arabera. Izan ere, gaur egun ZIUan dauden kutsatuen % 80k ez dute txertoaren dosirik hartu.
 
Txertoa 12 urtetik gorako biztanle guztiei ematen zaie, eta, guztira, txertoa jar dezaketen nafarren % 77,2 txertatuta dago momentu honetan.
 

Asteko egun guztietan

Lehen dosia hartzeko aukera, aldez aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe, asteko egun guztietan egonen da zabalik asteazken honetatik aurrera (hilak 25), 08:30etik 19:00etara, FOREMeko (Mutiloa) instalazioetan jarritako txerto-puntuan. Nafarroan bizi diren 12 urtetik gorako pertsonek joan daitezke. Horretarako, nortasun agiria (NAN edo pasaportea) edo osasun txartela erakutsi beharko da. Txertatze-puntuan bigarren dosirako data emanen zaie, beharrezkoa izanez gero.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun