COVID-19: Azken datuak

31 positibo atzeman zituzten atzo: hogeita bat Baztanen, sei Bortzirietan, hiru Malerrekan eta bakarra Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 1a, 07:31

119 lagun daude orain ospitalean, horietatik 20 ZIUan.

Atzo 31 positibo atzeman zituzten gure lurraldeko herrietan: hogeita bat Baztanen (15 Elizondon), sei Bortzirietan, hiru Malerrekan eta bakarra Goizuetan. Nafarroa osoko  datuei erreparatuta, atzo 310 positibo atzeman zituzten. Herenegun hamalau pertsona ospitaleratu zituzten, horietatik bi ZIUan, eta pertsona bat hil zen.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 670 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 877 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 554 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.147 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, herenegun, uztailak 30, 2.614 proba egin zituzten eta horietatik 345k positibo eman zuten (% 13,2)

COVID-19ak jota, herenegun, uztailak 30, hamahiru pertsona ospitaleratu zituzten, horietatik bat ZIUan, eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 119 daude ospitalean, horietatik 20 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, herenegungo kasuak kontatuta 75.511 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.200koa.
Nafarroan 794.525 pertsona txertatu dituzte herenegun arte. Herenegun, uztailak 30, 5.408 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 393.086 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

18 urte edo gehiago dutenek online har dezakete hitzordua

18 urte edo gehiago dutenek Osasun Karpeta Pertsonalean sar daitezke eta hautatu zein toki, egun eta ordutan hartu nahi duten txertoa.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun