Koronabirusa

COVID-19aren izurriari aurre egiteko murrizketak irailaren 2ra arte luzatzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 27a, 19:00

Etxeratzeko agindua da neurri horien artean gehien nabarmentzen den bat, eta orain murrizketa horiek irailaren 2ra arte luzatzeko eskaera egin dio Txibiteren gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari.

Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak eman du gaur eskabide horren berri. Justiziaren esku utzi duten foru arau berriak orain arte indarrean dauden murrizketak bere horretan uzten dituela erran du, eta helburua neurri horiek abuztu osoan luzatzea dela. Ondorioz, kutsatuen intzidentziarik handiena duten herrietan etxeratzeko ordua egonen da abuztu osoan: 01:00etik 06:00etara.

Datuen eboluzioaren arabera aldaketak egon daitezkeela erran du: «Hauxe da orain egoera epidemiologikoa; neurriak beharrezkoak dira, neurrizkoak, eta premiazkoak garai honetarako». Etxeratze agindua ezartzen dute hamalau egunetan metatutako intzidentzia 250 kasukoa baino handiagoa bada, eta zazpi egunean 125ekoa edo handiagoa bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun