Etxeratze aginduak biztanleriaren % 80ri eraginen liokeela aitzindu du Indurain kontseilariak. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 250 kasu baino gehiagoko intzidentzia tasa eta azken zazpi egunetan 125 kasuko intzidentzia tasa baino handiagoa duten herrietan ezarriko dute etxeratze agindua. Asteartean aztertuko dute zein izanen diren herri horiek. Horrez gain, kanpoko bilkurak hamar lagunetara mugatu nahi dituzte eta herri bazkariak eta kalejirak alde batera utzi. Bertzalde, «oraingoz» ostalaritzan ez dutela neurri murriztailerik hartuko aipatu du.
Neurriak asteartetik asteazkenerako gauean sartu nahi dituzte indarrean eta uztailaren 29ra arte mantendu nahi dituzte. Horretarako, astelehenean Nafarroako Auzitegi Nagusian aurkeztuko dituzte. Indurainen ustez, «galdu dugun oreka berreskuratzeko guttieneko neurriak dira».
Horrekin batera, arriskua «argia» dela eta gazteen eta nerabeen artean intzidentzia tasa «hagitz altua» dela adierazi du Indurain kontseilariak, baina «kasuak detektatzeko esfortzu handia» egiten ari direla ere nabarmendu du. Baina aldi berean, «kutsatzea geldiarazi» behar dela azaldu du, eta olatu hau «kutsakorragoa» dela ere gaineratu du.