COVID-19: Azken datuak

112 positibo atzeman zituzten atzo: 95 Bortzirietan, seina Malerrekan eta Baztanen eta bost Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 14a, 07:15

Gazteak Lesakako Osasun Etxeko atarian antigeno testa egiteko zain.

Laugarren egunez segidan, pandemia hasi zenetik gure lurraldean egun bakarrean erregistratu den kopururik altuena da atzokoa. Atzo 112 positibo atzeman zituzten: 95 Bortzirietan (horietatik 53 Lesakan, 20 Beran eta 14 Igantzin), seina Malerrekan eta Baztanen eta bost Leitzan. Nafarroa osoko behin-betiko datuei erreparatuta, atzo 532 positibo atzeman zituzten eta, atzo ere, lau pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeuden bi gaixo ZIUan sartu zituzten baina ez zen inor hil.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 565 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 747 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 475 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 765 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, uztailak 13, 3.232 proba egin zituzten (- PCR eta - antigeno proba) eta horietatik 532k positibo eman zuten (% 16,5)

COVID-19ak jota, atzo, uztailak 13, lau pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeuden bi ZIUan sartu zituzten baina ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 31 daude ospitalean, horietatik 10 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak kontatuta 68.358 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.193koa.
Nafarroan 699.002 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, uztailak 13, 7.143 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 313.483 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. Eremu geografikoei dagokienez, Iruñea eta Lesaka dira kutsadura-eremu nagusiak, «ez sanferminen» ondorioz.

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun