COVID-19: Azken datuak

87 positibo atzeman zituzten atzo: hirurogeita hiru Bortzirietan, hamar Malerrekan eta zazpina Baztanen eta Leitzaldean

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 13a, 07:16

Hirugarren egunez segidan, pandemia hasi zenetik gure lurraldean egun bakarrean erregistratu den kopururik altuena da atzokoa. Atzo laurogeita zazpi positibo atzeman zituzten: hirurogeita hiru Bortzirietan (horietatik 44 Lesakan), hamar Malerrekan (horietatik lau Donezteben) eta zazpina Baztanen eta Leitzaldean. Nafarroa osoko behin-betiko datuei erreparatuta, atzo 484 positibo atzeman zituzten eta, atzo ere, bi pertsona ospitaleratu zituzten baina ez zuten inor ZIUan sartu eta ez zen inor hil.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 559 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 746 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 470 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 671 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, uztailak 12, 3.041 proba egin zituzten (- PCR eta - antigeno proba) eta horietatik 484k positibo eman zuten (% 15,9)

COVID-19ak jota, atzo, uztailak 12, bi pertsona ospitaleratu zituzten baina ez zuten inor ZIUan sartu eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 32 daude ospitalean, horietatik 10 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak kontatuta 67.826 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.193koa.
Nafarroan 691.859 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, uztailak 12, 6.626 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 309.096 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Zalantza txikienarekin testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. Eremu geografikoei dagokienez, Iruñea eta Lesaka dira kutsadura-eremu nagusiak, «ez sanferminen» ondorioz. Zehazki, atzo astelehena, 63 kutsatze berri diagnostikatu ziren Bortzirietan. Horietatik 44 Lesakan, 11 Beran, 4 Etxalarren, 3 Arantzan eta bat Igantzin. Gainera, Doneztebeko eremuko azken kasuak ere Lesakako «ez bestekin» lotzen dituzte. Asteleheneko datuen arabera, Doneztebeko eremuan erregistratutako 10 kutsatzeetatik 4 Doneztebekoak dira, 2 Zubietakoak eta bana Donamaria, Ituren, Sunbilla eta Urrozen.

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun