Koronabirusa

Positiboen gorakada dela eta, gomendio zehatzak egin dituzte Lesakako Osasun Etxetik herritar guztientzat

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 11a, 11:30

Elixabet Elizalde Ariztegi, Lesakako Osasun Etxeko erizain burua.

Positiboa izanez gero, kontaktu estuan egon diren lagunak izendatzea erregutzen dute Osasun Etxeko arduradunek, gisa horretara, kutsatze-katearen segimendu egokia egiten ahal izanen baitute.

Egun hauetan proba diagnostiko positiboen ehunekoa hagitz altua da, batez ere 14 eta 26 urte bitarteko gazteen artean. Horregatik, honako osasun-gomendio hauek egin dizkiete herritar guztiei, salbuespenik gabe:
  • Pertsona ahulekin kontaktua ekiditea.
  • Maskara gizarte-elkarrekintzetan erabiltzea.
  • Ekitaldi jendetsuetara ez joatea
  • Sintoma bateragarriak zaintzea, eta, hala badagokio, berehala autoisolatzea eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea.
  • Positiboa izanez gero, kontaktu estu guztiak izendatzea. Garrantzitsua baita miaketa on bat egiteko.

Txertaketa osoa egina dutenek konfinamendutik libre daude, immunodeprimituak izan ezik

Erabat txertatutako pertsonei gogorarazten zaie isolamendua egitetik salbuetsita daudela kontaktu estua izanez gero, salbu eta pertsona immunodeprimituak baldin badira. Immunodepresioa duten pertsonek eta positibo baten kontaktu estua baldin badira, eurek ere isolamenduan egon beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun