Gobernuek Donezteben dituzten bi bulegoek, Nafarroako Ogasuna eta Gizarte Segurantza, ez dute zerbitzurik ematen astetan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 5a, 10:30

Nafarroako Ogasunak Donezteben duen bulegoa 21 egunez itxita dago, ekainaren 29tik uztailaren 20ra. Zerbitzurik eman gabe, egoera horretan dagoen Ogasunaren bulego bakarra da, Lizarra, Tafalla, Tutera eta Iruñeko bulegoak normal ari baitira lanean. Gauza bera gertatzen da Gizarte Segurantzaren Doneztebeko bulegoarekin. Honek ere ez du zerbitzurik ematen aspalditik.

Horiek horrela, Nafarroako Ogasunarekin tramiteren bat egin behar duenak, ez du Donezteben deus egiteko modurik izanen uztailaren 20a bitarte eta, halabeharrez, Iruñera joan beharko du.

Gizarte Segurantzarena ez da Foru Administrazioaren baitako zerbitzua, Espainiako Administrazioarena baizik. Bada, bulego hori ere itxita dago aspalditik eta ez dago jakiterik noiz arte segituko duen itxita, telefonoz deituta ere ez baita horren inguruko argibiderik jasotzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun