Gizarte Segurantzaren Doneztebeko bulegoa egunero eta aurrez aurreko arretarekin irekitzeko eskatuz sinadura bilketa abenduaren 18a arte Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 15a, 09:00

Malerrekako herritarrek hainbat gune izanen dituzte sinatzeko, horien artean, euren herrietako Udaletxeetan, Malerrekako Mankomunitatean eta Doneztebeko Osasun Etxean.  

Zerbitzua egunero jasotzetik astean bi egunetan egitera pasatu zen lehenbizi eta gerora, eskualdeko gizarte zerbitzuen mankomunitateen arabera, «zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du okerrera». 

Zehazki, «aitzinetik hitzordua erreserbatzea zaildu, masifikatu, arreta atzeratu...» dela adierazi dute eskualdeko gizarte zerbitzuen mankomunitateek. Gehiago ere bada. Euren ustez, «egoerak okerrera» egin du. Izan ere, Covid-19aren ondotik, bulegoa ez dute berriz ireki. Eta hori itxita izateak gaur egun, herritarrengan ondorio zuzena du. Batetik, Iruñera joan behar dutelako gestioak egin ahal izateko, «horrek dakarren denbora, gastu eta arriskuarekin, batez ere N-121-A errepideko istripuen intentsitate handiagatik». Bertzetik, prestazioak modu telematikoan kudeatzea, «herritar gehienak ez dutenean horretarako behar den ezagutzarik ez baliabiderik». 

Doneztebeko bulegoa ixteko susmoa dutela ere azaldu dute, eta horrek «galera» ekarriko lukeela diote: «Gizarte Segurantzak biltzen dituen gaiak ugariak dira: gurasotasun tramiteak, pentsioak, prestazioak, kotizazioak...».

Sinadura bilketa
Hori horrela, Doneztebeko Gizarte Segurantzaren bulegoa «egunero eta aurrez aurre berriro irekitzeko» sinadura bilketa ekin zioten urrian eta epea abenduaren 18an bukatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun