Koronabirusaren aurkako txertoa hartu nahi duten Nafarroako 18 eta 29 urte bitarteko herritarrek dagoeneko hitzordua eskatzeko aukera dute. Adin tarte horretako 100.000 lagun baino gehiago daude Nafarroan eta hasiera batean uztail erdialdean txertatzea aurreikusi bazuten ere, aurreratu egin da.
Osasun Karpeta Pertsonalean edo citasalud.navarra.es webgunean sartuz (Osasun Txarteleko zenbakia eta sortze data eskatzen da) edota 948 37 01 30 telefonora deituz eska dezakete hitzordua eta denak beteta daudela ikusiz gero ondoko egunetan saiatu beharko dute. Osasunbideak hitzorduak emateko ez du ez SMSrik bidaliko ezta telefonoz deituko ere; horren ordez, norberak hartu beharko du horren ardura.