Koronabirusa

Ortziraletik aitzinera ostalaritzako eta kultur jardueretako edukiera zabalduko dute

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 29a, 15:34

Ortziraletik aitzinera indarrean sartuko diren neurrien berri eman du gaur Nafarroako Gobernuak. Bertzeak bertze, ostalaritzako establezimenduetan edukiera % 60koa izanen da eta beranduenez, 01:00etan itxi beharko dituzte. Gisa berean, barran jarrita kontsumitzeko aukera izanen da, gehienez bi lagun. Kultur ekitaldietan, berriz, edukiera % 75ekoa izanen da.

Pandemiaren «bilakaera ona» dela ikusita, ortzirale honetan, uztailaren 2an, hasi eta hilaren 29ra arte, neurriak arinduko dituzte Nafarroan.

Ostalaritza

  • Ostatu, kafetegi eta jatetxe barrenean edukiera % 60koa izanen da eta ordutegia ordubete luzatuko dute, 01:00 arte. Orain arte bezala, barreneko gehienezko edukiera mahaien arteko tarteak finkatuko du, eta horrek 1,5 metrokoa izan beharko du. Kasu horretan, lokalek erantzukizunezko dokumentua sinatu beharko dute.
  • Establezimendu barrenean mahai bakoitzean gehienez sei lagun bildu ahal izanen dira, eta kanpoan mahai bakoitzeko hamar lagun.
  • Barran kontsumitu ahal izanen da, beti ere, jarrita, eta gehienez bi lagun, euren artean 1,5 metroko tartea utzita.
  • Elkarte gastronomikoek ere % 60ko edukiera izanen dute eta beranduenez 01:00etan itxi beharko dituzte. Erabilera anitzeko aretoetan berdina aplikatuko dute, eta barrenean gehienez 75 lagun eta kanpoan 150 lagun onartuko dituzte.

Gaueko aisialdia

  • Gaueko aisialdiko lokalek 04:00 arte irekitzeko baimena izenen dute, baina horien kasuan edukiera % 50ekoa izanen da, eta mahaietan kontsumitu beharko da. Mahaiek 1,5 metroko tartea izan beharko dute batetik bertzera, eta bakoitzean gehienez sei lagun bildu ahal izanen dira.

Hotelak eta aterpeak

  • Literak dituzten aterpetako logeletan edukiera % 60koa izanen da, eta logela bereizietan edo ohatzeen banaketak segurtasun tartea bermatzen duten kasuetan, % 75ekoa izanen da. Edukiera hori izanen dute hotelek ere.

Ospakizunak

  • Ezkontzen, bataioen, jaunartzeen edo bertzelako hitzordu sozialen, familiarren, erlijiosoen edo zibilen ondoko ospakizunetan, barrenean gehienez 75 lagun eta kanpoan 150 lagun baimenduko dituzte. Edukiera mahaien arteko tarteak zehaztuko du eta horrek 1,5 metrokoa izan beharko du. Dantzarako eremuak ezin izanen dira erabili.

Komertzioak eta kultura

  • Denda ttikiek % 75eko edukiera izanen dute, eta akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez araututako zentroetan edukiera % 75ekoa izanen da, baita liburutegietan, erakusgeletan eta museoetan ere. Bisita eta jarduera gidatuak barrenean gehienez 18 laguneko taldetan egiten ahalko dira eta 25 lagunekoak kanpoaldean.
  • Liburutegi eta ludoteketan, 12 urte azpikoetan gehienez 15 laguneko taldeak onartuko dituzte eta 12 urtetik goitikoak direnean 20 lagunekoak. Erakusgela eta museoetan 01:00 arte luzatuko dute ordutegia.
  • Zine aretoetan eta antzokietan edukiera % 75ekoa izanen da, eta % 50ekoa, aldiz jana eta eta baimentzen dutenetan. Ordutegia, kasu horretan ere, 01:00 bitartekoa izanen da.

Kirol jarduerak eta igerilekuak

  • Profesionalak ez direnen txapelketak eta kirol ekitaldiak publikoarekin egiten ahalko dira, baina gehienez ere % 75ekoa izanen da edukiera.
  • Igerilekuetan edukiera % 75ekoa izanen da. Aldagelak eta dutxak erabilgarri izanen dira baina % 50eko edukierarekin. Beranduenez 22:00etan itxi beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun