«N-121-A errepidean jatorririk edo helmugarik ez duten kamioiak A15era desbideratzea». Bertze behin horixe eskatu zuen atzo Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuten herritarren plataformak. Plataformaren izenean Mikel Uriartek hartu zuen hitza eta azaldu zuenez, hamar egunez eskaera horrekin bat egin duten hiru mila lagunen sinadurak bildu dituzte. Aldi berean, «N-121-A errepideak Nafarroako errepide sareko hilkortasun indizerik altuena» duela oroitarazteaz gain, hainbat datu paratu zituzten mahai gainean.
N-121-An kamioi kopurua goiti, eta A-15ean beheiti
Bertzeak bertze, «A-15eko bidesarien ondorioz, N-121-An kamioiak etengabe ugaritzen ari» direla salatu zuten. Batetik, «gaur egun, bana bertze, egunean 2.700 kamioi ibiltzen direla eta horietatik 2.000 inguruk N-121-Ako trazaduran ez dutela ez jatorririk ez helmugarik» adierazi zuten. Eta bertzetik, «paraleloa den A-15 autobidean kamioi kopurua nabarmen murrizten ari dela» azaldu zuten: «Gaur egun, bana bertze, 1.900 ibiltzen dira egunean, eta ia ez da istripu larririk gertatzen».
Bide beretik, «2008tik 2017ra, N-121-Ako kamioien trafikoa % 66 hazi zela eta A-15ean % 36 jaitsi zela» gaineratu zuten. 2018an Almandozko eta Belateko tunelak itxi zituztenez, 2008tik 2017rako datuak aipatu zituzten.
Hala ere, bi tunelak itxi aitzineko hilabetean bildutako datuak ere eman zituzten: «2018ko martxoan, astelehenetik ortziralera, bana bertze egunero 8.993 ibilgailu zenbatu zituzten Belateko tunelean, eta horietatik 3.499 kamioiak ziren. Hau da, lanegunetan, hamar ibilgailutik lau kamioiak ziren eta lautik hiruk ez dute N-121-An ez jatorria, ezta helmuga ere». Datuak 2018koak diren arren, «azken datuen arabera ere, N-121-An kamioien bana bertzekoa handitzen» ari omen da.
Egoera ikusita, N-121-A errepidea «gainezka» dagoela erran zuten: «Nafarroako errepide eta autobia guztien artean kamioien trafiko handiena du» eta «trafikoak kalte handia eragiten du inguruko herri eta bailaratan bizi direnen bizi kalitatean».
Desbideratzea
Desbideratzea egingarria da plataformaren arabera: «Europako herrialde gehienetan kamioiak autobidetik ibiltzera behartuta daude. Katalunia eta Errioxako gobernuek hala egin dute». Eta aurkezpenean argi utzi zuten, «errepide segurtasunagatik, trafikoa arintzeko eta ingurumen arrazoiengatik estatuko eta foru legeen bitartez, Nafarroako Gobernuak kamioiak bidesariak dituzten autobideetatik ibiltzera behartu ditzakeela».
Javier Remirez kontseilariaren hitzetan, ordea, «ibilgailu astunen trafikoa arautzeko eta murrizteko, beharrezkoa da neurri horiek justifikatuta eta azterlanetan oinarrituta egotea. Foruzaingoaren txostenen arabera, azken bortz urteetan, 14 istripu hilgarritan 19 pertsona hil dira eta bakarra gertatu da kamioi baten arduragatik». Hala, desbideratzera behartzeko «arrazoi nahikorik ez dagoela» dio.
Hildakoen % 25 N-121-An
Baina «gobernuak Foruzaingoaren txostenaren harira egin duen irakurketa interesatua» dela iritzita, «DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren txostenetan oinarrituta» bertzelako datuak eman zituzten ekainaren 23ko aurkezpenean. Horren arabera, «2020an, Nafarroak dituen 3.821 kilometroko errepideetan, 16 lagun hil ziren trafiko-istripuz. Eta horietatik lau N-121-A errepidearen 61 kilometroetan hil ziren. Hau da, hildakoen % 25 errepidearen %1,6 hartzen duen N-121-An hil ziren». Gehiago ere bai: «2020an, lau istriputan, bortz lagunek galdu zuten bizia eta lau istripuetan ibilgailu astunak zeuden tartean». Epe luzeagoko datuak ere eman zituzten: «2016tik 2020ra, heriotza eragin zuten 16 istriputan 22 lagun hil ziren. Istripu horien % 63tan ibilgailu astunak zeuden tartean. 2009tik 2020ra, 31 istripu hilgarritan, 41 lagun hil ziren eta % 68tan ibilgailu astunak zeuden tartean».
Hurrengo helburua
Hori horrela, «kamioiak desbideratzeak sortuko lituzkeen abantaila eta onuren inguruan, Nafarroako Gobernuak egin ez duen azterketa tekniko eta profesional bat egitea» izanen da plataformaren «hurrengo helburua». Horretarako, Kataluniako RACC taldera jo dute: «Beraiek egin zituzten Katalunian N-II, N-240 eta N-340 errepideetan kamioiak desbideratzeak izanen lituzkeen onuren azterketak».