COVID-19: Azken datuak

Nafarroan 58 positibo atzeman zituzten atzo, baina bakar bat ere ez gure herrietan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 19a, 07:00

Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 27 daude ospitalean, horietatik 9 ZIUan.

Azken datuen arabera, atzo ez zuten positibo bakar bat ere atzeman gure lurraldean. Nafarroa osoko behin-betiko datuei erreparatuta, atzo 58 positibo atzeman zituzten eta, bezperan, pertsona bat hil zen Covid-agatik, gaixo bat ospitaleratu zuten eta ez zuten inor ZIUan sartu behar izan.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 469 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 717 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 446 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 528 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, herenegun, ekainak 18, 1.472 proba egin zituzten (803 PCR eta 669 antigeno proba) eta horietatik 46k positibo eman zuten (%3,9)

COVID-19ak jota, atzo, ekainak 18, pertsona bat hil zen Covid-agatik, gaixo bat ospitaleratu zuten eta ez zuten inor ZIUan sartu behar izan. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 27 daude ospitalean, horietatik 9 ZIUan.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %76, Tuteran %5 eta Lizarran %2. Gainerako positiboak (%17) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 521.957 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, ekainak 18, 5.567 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 204.309 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 30 eta 44 urte bitartekoa da (%31), eta atzetik 15 urtetik beherakoak (%29). Ondotik, 15-29 urteko taldeak (%21) eta 45-59 urtekoak (%12). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldeak daude (%5), eta 75 urtetik gorakoak (%2). Positibo berrien batez bertzeko adina 29,3 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 62 emakumeak dira eta % 38 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 63.047 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.191ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun