Erremonteko San Fermin Torneoa Galarretan jokatuko da ekainaren 18tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 11:00
San Fermin txapelketa Galarretan jokatuko duten erremontista gehienak, asteazkenean egindako aurkezpenean.

Bi txapel jarriko dira jokoan, nagusian Aritz Juanenea saldiastarra izanen da eskualdeko erremontista bakarra eta B multzokoan Oskar Urrutia II.a saldiastarra eta Aritz Zubiri goizuetarra

Ekainaren 18an hasiko den San Fermin Torneoaren aurkezpena Galarretan egin zuten ekainaren 16an Galarretan eta uztailaren 14ra arte luzatuko da. Egun horretan bi final jokatuko dituzte. Izan ere, Oriamendik bi multzotan banatu du txapelketa; A eta B multzoetan, lehenengoa hiru bikotek osatzen dute eta bigarrena lau bikotek. A multzoak San Fermin Txapelketa nagusia jokatuko du, hiru bikote eta sei pilotari nagusiekin. B multzoa gainontzeko erremontistek osatzen dute eta bigarren txapel pizgarri bat jokatuko dute.

A multzoko hiru bikoteak Urriza-Aizpuru III, Juanenea-Barrenetxea IV eta Ansa II-Larrañaga dira. B multzoan Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V-Murgiondo arituko dira. Txapelketa bortz jardunalditan jokatuko dute.

B multzoan ariko diren erremontisteko batzuk. Tartean dira Oskar Urrutia saldiastarra (goitian erdian) eta Aritz Zubiri goizuetarra (beheitian erdian).

Ekainaren 18an, uztailaren 1ean eta uztailaren 3an denen arteko ligaxka bati dagozkion partidak jokatuko dituzte bi multzoetan. A multzoko eta B multzoko finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dituzte eta bi multzoetako finalak uztailaren 14an.

Pandemiaren ondorioz, San Fermin Txapelketa Galarretan jokatu behar izan dute eta ez, ohi bezala, Uharteko Euskal Jain. Berrikuntza nagusi horrekin ligaxkako lehen sailkatua finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute. B multzoan laugarren sailkatua kanporatuta geratuko da.

Partidak 30 tantora jokatuko dituzte eta Sagardoaren Txapelketan bezala puntuatuko dituzte. Irabazleak lau puntu lortuko ditu, 29-27 tanto egiten dituenak bi puntu, 26-24 tanto egiten dituenak puntu bat, 23-17 tanto artean geratzen den bikoteak ez du punturik lortuko eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izanen du.

Ligaxka ortziralean hasiko da eta hiru partida jokatuko dituzte ETB1eko kamerekin zuzenean, 22:20etik aurrera. A multzoan Urriza-Aizpuru III, Ansa II-Larrañagaren aurka neurtuko dira. B multzoan hauek dira partidak: Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirenaren aurka eta Loitegi-Zubiri, Goikoetxea V-Murgiondoren aurka.

 

Debutak

Ortziralean debutatuko dute profesionaletan Loitegi Urnietako aurrelariak eta Murgiondo hernaniar atzelariak. Aurkezpenean Hernaniko atzelariak «gogotsu» dagoela adierazi zuen, «maila handiagoko erremontisten aurka neurtzea zaila izango dela jakinda, baina Goikoetxea V.a bezalako aurrelari baten laguntza izango dut». Loitegik ezin izan zuen aurkezpenean egon.

Azpimarratzekoa da ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldiak 17:00etan hasiko direla, eta agintarien erabakien zain publikoarekin izanen den itxaropena dagoela. Uztailaren 7ko bi finalaurrekoetan eta uztailaren 14ko bi finalaurrekoetan ere ETB1eko kamerak izanen dira zuzenean, 17:00etatik aitzinera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun