Gaurko bileran, Nafarroako Gobernuak obrak egiteko kaltetutako ondasunak eta eskubideak nahitaez desjabetzea premiazkoa dela erabaki du. Desjabetzeetarako 378.563,91 euroko gastua aurreikusi dute.
11,5 kilometroko luzera dauka 4. zati honek. Bertan, bi biribilgune berri eraikiko dituzte: lehenengoa Oronoz-Mugairiren parean N-121-A eta N-121-B errepideak gurutzatzen dituen tartean eta bigarrena Doneztebeko IAT (ITV) zerbitzugunearen instalazioen parean. Sunbillako hegoaldean ere sarbide berria eginen dute, biribilgune eta pasabide altu batekin.
Ezbehar kopuru altuko tartetzat hartua da hau. Horregatik, errei bat gehiago gehituko diote erdian, aitzinatzeko erabiltzen ahalko dena, kontrako noranzkotik bi metroko erdibitzaile eta metalezko hesi batez bereizita egonen dena. Doneztebe eta Sunbilla arteko zerbitzuguneko zirkulazioa ere berrantolatuko dute.
Obraren bortz zatiak
N-121-A errepidea berritzeko lanetan, bidea 5 zatitan banatu dute Ezkabako tuneletatik eta Endarlatsako zubiraino. Lehen zatian (Ezkaba-Olabe) otsailan hasi zituzten eraikitze-lanak eta bigarrenean (Olabe-Lantz) apirilaz geroztik ari dira lanean. Hirugarren zatiak Lantz-Oronoz-Mugairi tartea hartzen du eta azkena Arrigazteluko tunelean hasten da eta Gipuzkoako mugan bukatu.