Koronabirusa

Ortziraletik aitzinera ostatuek Nafarroan ordubete gehiago ireki ahal izanen dute, gaueko hamabiak arte

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 09:30

Nafarroako ostatu eta jatetxeen barnealdea orain baino ordubete beranduago ixtea aurreikusi du Txibiteren gobernuak, 23:00etan beharrean 24:00etan. Malgutasunak ostalaritza-establezimenduen barne-edukierari ere eraginen dio; izan ere, oraingo gehieneko edukiera orokorra (CO2 neurgailua eta erantzukizunpeko adierazpena duten lokalen kasuan izan ezik) % 50era arte handituko baita ortziraletik aitzinera.

Gogoratu behar da ostatu eta jatetxeen barnean, bezeroek eserita daudela kontsumitu behar dutela. Mahaietan gehienez ere 4 mahaikide egonen dira, edo 6 gehieneko distantzia betetzen bada. Gobernuak ez du oraingoz mahaiko mahaikideen kopurua handitzea aurreikusten, eta hori uztailaren 2an iragarriko luke.

Bestalde, gogoratu behar da ostalaritzako terrazak goizaldeko ordu batak arte ireki daitezkeela, betiere udalerriko araudia murriztaileagoa ez bada.

 

Elkarte gastronomikoetan aldaketarik ez

Gobernuak ez du aurreikusi peñen eta elkarte gastronomikoen barne-edukiera ortziraletik aitzinera aldatuko duenik eta, orain bezala, edukieraren %30a zabaldu ahal izanen dute oraingoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun