N-121-A

N-121-A errepidean jatorri edo helmugarik ez duten kamioiak desbideratzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 10:30

Helburu hori duen herritarren plataformak abiatu du sinadura bilketa eta gisa honetara, N-121-A errepideko bizilagunak «kokoteraino» daudela adierazi nahi diote Nafarroako Gobernuari. «Ahalik eta atxikimendu gehien» bildu nahi dituzte.

Iragarri dutenez aste pare baten buruan aurkeztuko dute jendearen aitzinean «N-121-A errepideko nazioarteko salgaien garraioa NA-121-A errepidetik A15era desbideratzearen alde» sortu duten herritarren plataforma. «Istripu hilgarriak izateko aukera aunitz murriztuko lukeen desbideratzea» dela iritzita, sinadura bilketa abiatu du eta eskaeraren oinarri diren bederatzi puntu ere zehaztu ditu:

  1. N-121-A errepideak Nafarroako errepide sareko hilkortasun indizerik altuena du.

  2. 2020. urtean lau istriputan bortz pertsonek bizia galdu dute. Guztietan kamioiren bat zegoen tartean.

  3. A-15ean ezarritako bidesarien ondorioz, N-121-A errepideko kamioiak etengabe ugaritu dira errepidean. Gaur egun, batez beste, egunean 2.700 kamioi ibiltzen dira eta horietatik 2.000 inguruk ez dute ez jatorririk ez helmugarik N-121-Ako trazaduran.

  4. A-15 paraleloan, kamioien bolumena etengabe murrizten ari da. Gaur egun, batez beste, 1.400 ibiltzen dira egunean. A-15 autobia gutxiegi erabiltzen da. Ia autobia eta autobide guztietan bezala, A-15ean ez da ia istripu larririk gertatzen.

  5. N-121-A errepidea gainezka dago. Bertako trafiko astunaren bolumena Nafarroako errepide eta autobia guztietan handiena da.

  6. Europako herrialde gehienetan kamioiak autobideetatik ibiltzera behartuta daude. Nafarroako Gobernuak adierazi du desbideratzerik ezin duela behartu. Katalunia eta Errioxako gobernuek egin ahal izan dute.

  7. Bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna edo ingurumen-arrazoiak direla medio, estatu zein foru legeek Nafarroako Gobernuari beharrezko tresnak eskaintzen dizkiote kamioiak ordainpeko autobideetara derrigorrez desbideratzeko.

  8. Belateko tunelen arrisku eragile nagusia berau igarotzen duten kamioien kopuru handia da. 2.000 kamioiren desbideratzeak segurtasunean onura esanguratsua ekarriko luke.

  9. N-121-Ako gehiegizko trafikoak kalte handia eragiten du bide honetan dauden herri eta bailaratan bizi diren pertsonen bizi kalitatean. Mugan geroz eta maizago sortzen diren auto-ilarak jasateaz gain, estresa eta beldurra eragiten du, ohiko erabiltzaileen eguneroko ibilera kaltetuz.

Arrazoi horiengatik, eta «segurtasuna areagotzeko helburu bakarrarekin, N-121-A errepidean jatorri edo helmugarik ez duten kamioiak berehala A-15 autobia paralelotik desbideratzea» eskatu dute. Aldarrikapenarekin ados izanez gero, izen-abizenak lotura honetan gehitzeko deia egin dute. Adierazi dutenez, «ahalik eta atxikimendu gehien» bildu nahi dituzte «Nafarroako Gobernuari inguruko herritarrak kokoteraino daudela adierazteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun