Bertzeak bertze, Ruper Ordorika, Chill Mafia, Potato, Kuartz, Torheit eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen parte-hartzeak baieztatuak zituzten. Orain, zerrendari bertze hainbat artista gehitu dizkiote.
Uztailaren 2an, ortziralea, Olatz Salvador, Herdoil, Nøgen, Proleter eta Torheit taldeak izanen dira bertan, bertze hainbat talde eta ekitaldirekin batera. Uztailaren 3an, larunbata, Anestesia, Andoni Ollokoegi, Chill Mafia, Fetiche, Physis VS Nomos, Rüdiger eta Zea Mays musika taldeak izanen dira oholtzan. Honez gain, hitzaldiak eta ikustaldiak antolatu dituzte.
Honekin batera, www.ehz.eus web orrian sarrera gehiago paratu dituzte salgai; orain 3 egunetarako txartelak 46,50 euro balio du, baina tokian berean erosiz gero 55 euro balioko dute. Egunez eguneko txartelak berantago paratuko dituzte salgai.
Aurten neurri bereziak festibalera sartzeko
Aurtengo egoera ikusirik eta 1.000 pertsonatik gorako ekitaldiei dagozkien araudiei egokitzeko, honako neurri berezi hauek ezarri dituzte:
- Sarreran pase sanitarioa aurkeztu beharko da (PCR edo antigeno test negatiboa 48 ordu aitzinetik egina, txerto osoa, Covid-19a sei hilabete barne pasatua izaitea).
- Sarreran pase sanitarioa eskatuko zaie laguntzaileei eta festibalera doazen guztiei.
- Kontzertuak xutik ikusten ahalko dira musukoa jantzita.
- Akanpaleku bat antolatua izanen da tokian berean.
400 laguntzaile festibala posible egiteko
25 urtez ibili diren milaka laguntzailek ahalbidetu dute festibalaren bideragarritasuna. Aurtengoa berezia izanen da aurtengoa, pandemia egoerak antolakuntza aunitz zaildu baitu. Horregatik, inoiz baino laguntzaile gehiago beharko dituzte; zirkulazioa, segurtasuna, brigada berdea, ostatua, brigada ubela... Txanda egiten duten egunetan, doan sartuko dira laguntzaileak, eta lau orduko lau txanda eginen dituzte guztira. Txanda hauek lagunekin egiteko aukera emanen dute (10 lagun gehienez) eta otordu bat eta Laguntzaileen Xokora sartzeko aukera emanen diete. Interesatuek www.ehz.eus atarian izena eman eta informazio gehiago lor dezakete.