COVID-19: Azken datuak

Nafarroan 44 positibo atzeman zituzten atzo baina bakar bat ere ez gure herrietan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 8a, 07:16

Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 40 daude ospitalean, horietatik 14 ZIUan.

Azken datuen arabera, atzo ez zuten positibo bakar bat ere atzeman gure lurraldean. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %2,5ekoa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 40 pertsona zeuden (horietatik 14 ZIUan). Atzeman zituzten 44 kutsatuen batez bertzeko adina 39 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.190ekoa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 462 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 712 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 438 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 525 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, ekainak 7, 1.757 proba egin zituzten (796 PCR eta 961 antigeno proba) eta horietatik 39k positibo eman zuten (%2,5)

COVID-19ak jota, atzo, ekainak 7, hiru pertsona ospitaleratu zituzten, jada ospitaleratua zeuden bi ZIUan sartu zituzten eta ez zuten hildakoren berririk eman. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 40 daude ospitalean, horietatik 14 ZIUan.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %57, Tuteran %14 eta Lizarran %2. Gainerako positiboak (%27) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 452.994 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, ekainak 7, 6.247 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 173.711 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30 eta 44 urte bitartekoak dira (%36), eta 45 eta 59 urte bitartekoak (%26). Ondotik, 15-29 urteko taldea (%24) eta 15 urtetik beherakoak (%7). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago (%5) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (%2). Positibo berrien batez bertzeko adina 39 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 62 emakumeak dira eta % 38 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 62.504 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.190ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun