40-49 urtekoen txertaketa zehaztuta, hurrengo adin taldeari begira hasiak dira Malerrekan eta Bertizaranan. Osasun etxetik jakinarazi dutenez, uztailaren 16an 30-39 urte arteko (1982tik 1991ra arte sortutakoak, biak barne) eskualdeko herritarrek lehenbiziko txertoa hartuko dute. Doneztebeko kiroldegian dute hitzordua eta Iruñetik mezu bat jasoko dute Internetez txanda hartzeko jakinarazpenarekin.
Mezurik hartzen ez dutenek osasun etxera dei egin dezakete eta hori adierazi beharko dute. Modu berean, egun horietan oporretan daudenak edota joateko asmoa dutenak osasun etxera deitzen badute bueltan txertoa jartzeko zer egin behar duten adieraziko diete. Abuztuaren 6an hartuko dute bigarren dosia.
Hortaz, oraingoz honakoak dira txertaketei begirako aurreikuspenak:
- 30-39 urtekoek uztailaren 16an hartuko dute lehenbiziko dosia eta abuztuaren 6an bigarrena.
- 40-49 urtekoek ekainaren 14an txertoaren lehenbiziko dosia hartuko dute.
- 50-59 urtekoek Pfizer etxearen txertoa hartuko dute: Maiatzaren 24an lehenbiziko dosia hartu zuten eta ekainaren 14an bigarrena hartuko dute.
- 60-65 urtekoek AstraZenecaren txertoa hartuko dute: Apirilaren 22an hartu zuten lehenbiziko dosia eta uztailaren 16an bigarrena hartuko dute.
- 66-67 urtekoek AstraZenecaren txertoa hartuko dute: Maiatzaren 6an hartu zuten lehenbiziko dosia eta uztailaren 29an bigarrena hartuko dute.
- 68-69 urtekoek Pfizer etxearen txertoa hartuko dute: Maiatzaren 13an lehenbiziko dosia hartu zuten eta ortzegunean, ekainaren 3an, bigarrena hartuko dute.
- 70-79 urtekoek eta 80-90 urtekoek Pfizer etxearen bi dosiak hartu dituzte: Apirilaren 6an hartu zuten lehenbizikoa eta apirilaren 27an bigarrena.