COVID-19: Azken datuak

Nafarroan 65 positibo atzeman zituzten atzo baina, bosgarren egunez, bakar bat ere ez gure herrietan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 1a, 07:17

Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 45 daude ospitalean, horietatik 12 ZIUan.

Azken datuen arabera, atzo, bosgarren egunez segidan, ez zuten kasu positibo bakar bat ere atzeman gure lurraldean. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %3,2koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 45 pertsona zeuden (horietatik 12 ZIUan). Atzeman zituzten 65 kutsatuen batez bertzeko adina 31 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.187koa zen atzo. 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 461 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 708 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 431 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 525 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, maiatzak 31, 2.014 proba egin zituzten (868 PCR eta 1.146 antigeno proba) eta horietatik 65ek positibo eman zuten (%3,2)

COVID-19ak jota, atzo, maiatzak 31, hiru pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan eta hildako baten berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 45 daude ospitalean, horietatik 12 ZIUan.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %58, Tuteran %7 eta Lizarran %3. Gainerako positiboak (%32) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 401.803 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, maiatzak 31, 5.485 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 147.595 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (%30) eta 30-44 urtekoak (%28) dira. Ondotik, 45 eta 59 urte bitarteko taldea (%20) eta 15 eta 29 urte bitartekoa (%18). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago (%4). 75 urtetik gorakoen taldean ez da inor atzeman. Positibo berrien batez bertzeko adina 31 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 58 emakumeak dira eta % 42 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 62.099 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.187koa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun