Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 461 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 709 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 431 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 525 Bortzirietan.
Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, maiatzak 26, 2.101 proba egin zituzten (1.214 PCR eta 886 antigeno proba) eta horietatik 93k positibo eman zuten (%4,4)
COVID-19ak jota, atzo, maiatzak 26, ez zuten inor ospitaleratu Nafarroan eta hildako baten berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 51 daude ospitalean, horietatik 11 ZIUan.
Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 30 eta 44 urte bitartekoa da (%30); ondotik, 15 urtetik beherakoak (%25). Segidan, 15-29 urteko taldeak daude (%17) eta 45-59 urtekoak (%16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko zerrenda dago (%10), eta 75 urtetik gorakoen taldea (%2). Positibo berrien batez bertzeko adina 31,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 61.771 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.183koa.