N-121-A

2022ko udan Almandozko eta Belateko tunel berriak egiten hasiko direla aurreikusi du gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 26a, 13:15

Txibite lehendakariak Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua aurkeztu du. Belateko tunel berriak larrialdietarako bortz galeria izanen ditu eta gutienez 27 hilabete beharko dituzte egiteko. Almandozko tunelari dagokionez, oraingoa baino 160 metro luzeagoa izanen da eta obra egiten 17 hilabete beharko dituzte. Gobernuak egin dituen kalkuluen arabera, 2024. urtearen akaberan bi tunelak Europak eskatzen dituen segurtasun baldintzetara guztiz egokituak egon daitezke.

Belateko tunel berriaren ezaugarriak

2.885 metro luze izanen ditu, guti gorabehera, eta 500 metrotik behin larrialdietarako bortz galeria izanen ditu, oraingo tunelari lotuak. Erdiko galeriak larrialdietako ibilgailuei pasatzen utziko die, eta bertze lau galeriak oinezkoentzat eta ibilgailu arinentzat izanen dira. Aurreikuspenen arabera, 27 hilabete inguru beharko dituzte tunel berria egiteko.

Tunelak izanen dituen bi erreiek 3,5 m-ko zabalera izanen dute, 3 m-ko bazterbidearekin eskuineko aldean, zirkulazioaren noranzkoan, eta metro bateko bertze bat ezkerraldean. Galtzadaren bi aldeetan 0,75 m-ko bi espaloi daude aurreikusiak eta 5,5 m-ko galiboa.

Belateko tunel berriak, bere luzeraren %38,2an eraikuntza-zailtasun ttikia edo arras ttikia izanen du (1.096 metro), %25,5ean zailtasun ertaina (730 metro) eta %36,3an zailtasun handia edo hagitz handia (1.040 metro).

Belateko eta Almandozko tunel berriaren artean 210 metroko bidezubi berria egitea proposatu dute, bi puntuen arteko desnibel handia gainditzeko. Bidezubi honek 35 m-ko luzera duten sei bao izanen ditu, pilareen arteko sei zati, aurrefabrikatutako artesa habeekin eginak.

Almandozko tunel berriaren ezaugarriak

Almandozko tunelari dagokionez, gaur egungoa baino 160 metro luzeagoa izanen da (1.355 m) eta larrialdietarako bi galeria izanen ditu, oinezkoendako pasabideekin. Kasu honetan lanak 17 hilabeteko epean egitea aurreikusten dute.

Bi erreiek 3,5 m-ko zabalera izanen dute 3 m-ko bazterbidearekin eskuinaldean eta metro batekoa ezkerraldean. Galtzadaren bi aldeetan 0,75 m-ko bi espaloi daude aurreikusiak eta 5,5 m-ko galiboa.

Tunel berri honek bere luzeraren % 83,8an eraikuntza-zailtasun ttikia edo arras ttikia izanen du (1.127 metro), % 8an zailtasun ertaina (108 metro) eta % 8,2an zailtasun hagitz handia (110 metro).
 

Ibilgailu batek tuneletako baten barnean matxurarik edo istripurik izanez gero, errei bat mozteko aukera ematen du eta bertze erreitik pasatzekoa. Gertaera larriagoa baldin bada, tuneletako bat erabat itxi eta trafiko guztia bertze aldetik desbidera daiteke, tunel hori aldi baterako «bi noranzkokoa» bihurtuz eta zirkulazioa Belateko gainetik desbideratu beharrik gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun