Koronabirusa

Goizeko ordutegi jarraituarekin hasiko dute heldu den ikasturtea Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 20a, 11:30

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak gaur egin duen prentsaurrekoan 2021/2022 ikasturteko Kontingentzia Plana aurkeztu du. Horren arabera, eskolak goizez emanez hasiko dute irailean ikasturtea, baina egoera hobetuz gero, pandemia aitzinetik zuten ordutegia berreskuratzeko aukera mahai gainean utzi du.

Aurten bezala, eskolak goizez bakarrik izanen dituzte bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan, baita DBHn, Batxilergoan eta lanbide heziketan ere. Erabaki hori kutsakorragoak diren koronabirusaren bertze aldaera batzuk antzeman dituztelako hartu dutela adierazi du Gimenok, tartean, aldaera britainiarra, eta gaineratu duenez, «azken hiruhilekoan eskola eremuan izan den kutsatzea %1etik %7,20ra hazi da». Edozein moduz, «inondik inora ez ditugu baztertu bertze aukerak, hala nola, eskolak goizez eta arratsaldez emateko aukera». Egoera epidemiologikoaren arabera, urrian edo Eguberri ondoko oporren ondotik egin ditzakete aldaketak.

Bitartean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eskolak ezin izanen dituzte 09:00 baino lehen hasi eta 14:30 baino beranduago bukatu. 45 minutuko sei saio izanen dituzte eta 30-40 minutuko atsedenaldia, dena aldi batean edo ez, eta egunero jangela zerbitzua mantenduko dute. DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, eskola ordutegia 08:00etatik 15:00etara izanen da.

Horrekin batera, bizikidetza unitate iraunkorrek ere segituko dute. Hala, ez patioan, ez pasilloan ezin izanen dute bertze burbuiletako ikasleekin nahasi. Haur Hezkuntzakoek patioan ez dute maskara erabili beharrik izanen eta jostailuak eta baloiak partekatzeko aukera izanen dute. Horrekin batera, ikasle guztiek gosaria kanpoko patioan egitea aholkatu dute.

Bertzalde, aurtengo ikasturterako jarritako errefortzurako langileak mantenduko dituztela ere jakinarazi du kontseilariak eta Lehen Hezkuntzan 20 ikaslekoa izanen da ratioa.

Bi egoera

Kontingentzia planean bi egoera aurreikusi dituzte:

  1. Hezkuntzako etapa guztietan aurrez aurreko hezkuntza ematea. Pandemiaren bilakaeraren arabera, bi aukera aurreikusi dituzte: neurriak arintzea edo ikastetxeak lehen zuten ordutegia izatea.
  2. Ikastetxe bat, batzuk edo guztiak ixtea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun