Koronabirusa

Ortziraletik aitzinera neurriak arinduko dituzte Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 19a, 16:10

Ortzirale honetatik aitzinera, urriaz geroztik itxiak izan diren elkarte gastronomikoek ateak irekitzeko aukera izanen dute, gehienez %30eko edukierarekin. Ez da, ordea, ortziralean indarrean sartuko den neurri bakarra izanen. Nafarroako Gobernuak legez ez du eremu pribatuetan eta publikoetan biltzeko lagun kopurua mugatuko. Hori bai, gehienez zortzi lagun elkartzea gomendatu du, eta gehienez hiru bizikidetza unitatekoak izatea. Bertzalde, zenbait jardueren ordutegia 21:00etatik 22:00etara luzatuko du.

Ortziraletik aitzinera Nafarroan indarrean neurri hauek sartuko dira eta ekainaren 3ra arte hala segituko dute:

  • Eremu publikoetan eta pribatuetan gehienez zortzi lagun biltzea aholkatu du gobernuak, hiru bizikidetza-unitatetakoak.
  • Ostalaritzako neurriak bere horretan mantenduko dituzte: Barrenean kontsumoa baimenduta dago. Irekitzeko bi aukera daude: batetik, baimendutako gehieneko edukieraren %30arekin edo edukiera mugarik gabe baina mahaien arteko distantziak handituta eta CO2 neurgailuarekin. Terrazak %100eko edukierarekin irekitzen ahalko dira eta beranduenez 01:00etan itxi beharko dituzte.
  • Hotelak, aterpeak...: Partekatzen diren eremuetan edukiera %50ekoa izanen da, eta literak dituzten aterpetxeko logeletan, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko tartea gorde, edukiera gehienez %30ekoa izanen da.
  • Beilak eta hiletak: Gehienez ere 75 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta gehienez 15 toki itxietan. Hileten segizioan gehienez 50 pertsona elkartzen ahalko dira.
  • Gurtza-lekuak –elizak–: Ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, nolanahi ere, ezin izanen dira 200 lagun baino gehiago bildu.
  • Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta bertzelako ospakizun erlijioso eta zibilak: 30 pertsonako muga izanen dute barrenean eta 50 pertsonakoa kanpoaldean ospakizunerako.
  • Komertzioetako, akademietako, igerilekuetako eta liburutegietako ordutegia 21:00etatik 22:00etara luzatuko dute.
  • Komertzio ttikietan edukiera %60era zabalduko dute.
  • Elkarte gastronomikoak eta peñak irekitzen ahalko dira, beti ere, gehienez %30eko edukierarekin.
  • Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere 12 partaideko taldetan.
  • Parkeetan ez da edukiera mugarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun