Koronabirusa

Hainbat baldintza betez gero, ostalaritzak iluntzeko 10ak arte ireki ahal izanen du Nafarroan astelehenetik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 14a, 15:30

Maiatzaren 17tik aurrera ostalaritzako lokalen barnealdea irekitzeko hainbat mugak finkatu ditu Nafarroako Gobernuak. Lehen etapa honetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den Foru Aginduak ostatu eta jatetxeetan 22:00ak arte irekitzea baimentzen du eta bi aukera eskaintzen dizkie lokalei.

Lehenengo aukerak, oro har, barnean kontsumitzen uzten du %30eko edukierarekin eta mahaien artean 2 metroko distantziarekin, mahai-muturren artean neurtuta. Kontsumoa mahaian eserita egin beharko da. Barrak soilik kontsumizioa eskatu eta biltzeko bakarrik erabili ahal izanen dituzte bezeroek, eta mahai bakoitzean ezin izanen dira lau lagun baino gehiago eseri. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona eseri ahal izanen dira pertsonen artean 70 zentimetroko segurtasun-tartea bermatzen bada.

Era berean, maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da, kontsumitzeko momentuetan izan ezik. Lokalak informazio kartelak izan beharko ditu, eta horietan foru agindu honek baimendutako edukiera eta gehieneko edukiera agertu beharko dira. Aireztapen egokia bermatu beharko da, ahal dela, aireztapen naturala.
 

Erantzukizun-adierazpena duten lokalak

 
Aukera hau hautatzen duten ostatu-jatetxeetako jabeek fitxa tekniko bat bete beharko dute eta horrekin batera Erantzukizun Adierazpen bat aurkeztu. Adierazpen horren bidez, ostatu-jatetxe guztietarako aurreikusitako baldintza orokorrez gain, aukera horretarako berariazko baldintza batzuk, prebentzio zorrotzagoa bermatzen dutenak, betetzeko konpromisoa hartu beharko dute jabeek, edukierari buruz, mahaien arteko distantziari dagokionez eta lokalak, nahitaez, CO2 neurgailua izan beharko du. CO2ak ez du inoiz 800 ppm-tik (milioiko zatiak) gorakoa izan beharko edukiera osoa baliatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun