Koronabirusa

Astelehenean zabaldu ahalko dute ostatu-jatetxeetako barnealdea Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 12a, 17:30

Nafarroako ostalaritza sektoreko iturriek gaur jakitera eman dutenez, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi berri die maiatzaren 17tik aitzinera ostalaritzako establezimenduen barneko aldeak zabaldu ahalko dituztela gehienez %30eko edukierarekin, eserita kontsumitzeko moduan eta mahaien artean gutienez bi metroko distantzia utzita.

Gauzak horrela, ostatu-jatetxeen barnealde guztiak maiatzaren 17tik aitzinera edukieraren % 30ean zabaldu ahal izanen dira, eta edukiera mugarik gabe establezimendu horretan airearen kalitatea neurtzen duen CO2 neurgailurik izanez gero. Horretarako, tresna horrek beti erakutsi beharko ditu 800 ppm-tik beherako baloreak (milioiko zatiak).

Sektoreko ordezkariek adierazi dutenez, establezimendu gehienek CO2 neurgailu horietako bat erosi nahi dute, astelehenetik aitzinera ahalmen maximora irekitzeko, «bezeroari segurtasun handia ematen dion tresna» baita, eta sektorearen erreklamazioa baita joan den azaroaz geroztik.

Planaren aldaketa berri honetan, oraindik zehaztu gabe daude aste honetan bertan Osasun Publikoko eta Gobernuko ordezkariek ostalariekin izandako bileran aurreratu zitzaizkien xehetasun batzuk, baina orain horiek ere alda daitezke. Ez dakite Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren ondotik barnealdeak 22:00ak edo 23:00ak arte ireki ahal izanen diren, ezta gosari, bazkari eta afarietarako ordutegi planarekin segitzen duten ere. Zehaztu gabe dago, gisa berean, bezeroen datu guztiak hartu behar ote diren, kutsadurarik izanez gero trazabilitate-prozesu bat egiteko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun