Koronabirusa

Gosariak eta bazkariak emateko, maiatzaren 14tik aitzinera berriz irekiko dituzte ostatu-jatetxeen barneko aldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 6a, 13:30

Ostatuen eta jatetxeen barneko aldeak berriz irekitzeko plana aurkeztu zion atzo Nafarroako Gobernuak ostalaritza sektoreko ordezkariei. Plan horren arabera, zerbitzuak pixkanaka irekitzen joan ahal izanen dituzte hemendik ekain erdialdera. Ikusi hemen segidan nola izanen diren epeak:

Gobernuak aurkeztutako planaren epeak

Zehazki, berriz irekitzeko prozesua igande honetan hasiko da, alarma egoera amaitzen denean.

  • Maiatzaren 9an terrazen ordutegia 22:00 arte luzatuko dute.
  • Maiatzaren 14tik 20ra barneko aldeak irekiko dituzte, baina bakarrik gosaltzeko (13:00) eta bazkaltzeko (13:00 - 17:00).
  • Maiatzaren 21etik 27ra, barnean afaltzea baimenduko lukete (19:00 - 22:00), terrazen ordutegiarekin parekatuz.
  • Maiatzaren 28tik ekainaren 11ra barneko aldeak edozein zerbitzu emateko ireki ahal izanen dira.
  • Ekainaren 11tik aitzinera, asmoa da barneko eta kanpoko aldeak gauerdira arte irekitzea.

Datuen arabera alda daiteke

Ostalaritzarako deseskalatze plan hori pandemiaren datuen bilakaeraren menpe egonen da beti; beraz, «gora eta behera» berrikus liteke, momentuko egoeraren arabera.

Bilera bi ordu ingurukoa izan zen eta bertan izan ziren Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Carlos Artundo Osasunbideko zuzendari nagusia eta osasun arloko bertze hainbat kargu. Ostalaritzako sektorearen aldetik, berriz, Ostalaritza eta Turismo Elkartea (AEHN), ostalaritzako enpresa txikiaren elkartea (Anapeh), SOS Ostalaritza plataforma, Diskoteken Elkartea (Asbana) eta Iruñeko Alde Zaharreko Elkartea.

Ostalariek adierazi dutenez, desadostasun puntu nagusia edukierari buruzkoa izan zuten. Izan ere, ostalariek uste dute nahikoa dela mahaien arteko bi metroko segurtasun distantziarekin, eta, beraz, portzentaje bat zehaztu arren, gehienezko edukiera ezartzea aski litzateke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun