Nafarroan ospitalizatutako Covid-19 kasuen erdiak 57 urte baino gutiago zituen, eta ZIUn sartu zirenen erdiak 59 urte baino gutiago, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak apirilaren 26tik maiatzaren 2ra bitarteko asteari buruz egindako azken txosten epidemiologikoaren arabera.
Joan den astean ez da apenas aldaketarik izan Covid-19k eragindako ospitaleratze kopuruari dagokionez (96tik 93ra jautsi da). Aldiz, igo egin da Covid-19agatik ZIUn ospitaleratu zituztenen kopurua (11tik 15era), eta 13 hildako gehiago erregistratu dituzte.
Covid-19ko diagnostikoak egonkor mantentzen dira 15 urtetik beherakoen artean, eta behera egiten dute gainerako adin-taldeetan. 75 urtetik gorakoen artean %35 jautsi da, 55 eta 74 urte bitartekoetan %30, 35 eta 54 urtera bitartekoetan %17 eta 15 eta 34 urte bitartekoetan %13. Adinez nagusi diren taldeen beherakada hori datu positiboa da, datozen asteetan kasu larrien eragina murrizten lagunduko baitu.
Tasarik handienak 5 eta 15 urte artekoetan erregistratu dituzte (258 kasu 100.000 biztanleko), eta atzetik 5 urtetik beherakoen artean (205 kasu 100.000 biztanleko). Tasarik txikiena, aldiz, 75 urtetik gorakoetan erregistratu dituzte (100.000 biztanleko 62 kasu).
Txertaketaren eraginkortasuna
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bere txostenean dioenez, txertoen eraginkortasunaren estimazioek erakusten dute Nafarroan % 33ko babesa dagoela dosi bakar batekin eta % 81ekoa bi dosirekin, Covid-19ko kasu sintomatikoak prebenitzeko. Txertaketaren eraginkortasuna, koronabirus bidezko ospitaleratzeak prebenitzeko, % 61ekoa da txertoaren dosi bakarra hartu duten pertsonentzat, eta %90etik gorakoa bi dosi hartu dituztenentzat. Pfizerren txertoak %15eko eraginkortasuna du dosi batekin eta %79koa bi dosirekin. AstraZenecaren txertoak %43ko babesa du dosi bakarrarekin, baina produktu bakoitzarekin txertatutako taldeak ezin dira konparatu.
Nafarroan txertaketa hasi zenetik 500 infekzio sintomatiko baino gehiago, 300 ospitaleratze baino gehiago eta 80 heriotza baino gehiago prebenitu direla dio Osasun Publikoaren txostenak. Txertoa hartu duten pertsonek infekzioa har dezakete oraindik, eta forma larriak izan ditzakete. Infekzioa ere transmititu dezakete, eta, beraz, prebentzio-neurriak mantentzen segitu behar dute, nahiz eta arriskua txertoa hartu gabekoetan baino nabarmen urriagoa izan.
Txostenean ondorioztatzen denez, «txertaketak eraginkortasun handia izan du eta gertaera larrien prebentzioan duen eragina nabarmena da».