Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak igandean irekiko du itxiera perimetrala eta etxeratze agindua mantenduko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak babestuz gero

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 5a, 07:30

Euskal Autonomo Erkidegoan, oraingoz, indarrean segituko du itxiera perimetralak. Errioxan eta Aragoin, aldiz, Nafarroarekin dituzten mugak irekitzeko asmoa dute. Ipar Euskal Herrira joan ahal izateko ezinbestekoa da PCR negatiboa

Maiatzaren 9an Espainian alarma egoera indargabetuko denean Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak malgutuko ditu. Gaur zehaztu ditu Txibiteren gobernuak zein izanen diren maiatzaren 10etik aitzinera indarrean egonen diren neurriak. Etxebizitzetako bilerak gehienez bi bizikidetza-unitateko sei pertsonatara mugatzea gomendatu du eta ostalaritzako terrazen ordutegia 22:00etara luzatuko dute. Barneko aldeak, ordea, itxita segituko dute.

Hain zuzen ere, indarrean dauden neurriei buruzko berrikuntzen artean, herrialdearen perimetro-itxiera altxatuko da. Etxeetako bilerak gehienez ere bi bizikidetza-unitateko sei pertsonatara mugatzea gomendatu dute, bizikideak izan ezik, eta ostalaritzan terrazetako ordutegia 22:00ak arte luzatzea. Gaueko etxeratzeari eutsiko zaio, 23:00etatik 06:00etara.
 

Gainerako neurriak gaur egun bezala mantenduko dira, eta berrikuntzak Osasun kontseilariak emandako foru agindu batean jasoko dira. Agindu hori igande honetako 00:00etan sartuko da indarrean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, maiatzaren 20ra arte egonen da indarrean. Hala azaldu dute gaur Javier Remírez lehen lehendakariordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak, gaurko gobernu saioaren ondotik egin duten agerraldian.

Lantaldeak ostalaritzarekin eta toki-erakundeekin

Horrekin batera, Nafarroako Gobernua ostalaritzako establezimenduak eta beste jarduera batzuk pixkanaka irekitzeko plangintza egiten ari da, sektoreko ordezkariekin batera. Horretarako, arratsalde honetan bilera eginen du ordezkariekin. Hartara, neurri berriak jarriko dituzte martxan pixkanaka, egoera epidemiologikoaren asteko berrikuspenaren arabera.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (FNMC) elkarrizketa-prozesu bati ekin dio, uda honetan herriko jaiak eta kultur ekitaldiak adosteko.

EAEko fiskaltza joan-etorriak mugatzearen eta etxeratze aginduaren kontra agertu da

Oraindik ere ez da garbi Nafarroatik Gipuzkoara eta Arabara sartzea baimendua izanen den. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez mantendu nahi ditu orain indarrean dituen neurri murriztaileak. Alabaina, EAEko fiskaltzak ez ditu argi ikusten Iñigo Urkullu lehendakariaren asmoak eta alarma egoeraren lege babesik gabe, Jaurlaritzak mugikortasuna mugatzeko eta etxeratze aginduak ezartzeko eskumenik ez duela uste du. 

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Administrazioarekiko Auzien Salak bihar aztertuko du Fiskaltzaren txostena eta litekeena da ebazpena ortziralean ematea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun