COVID-19: Azken datuak

Nafarroan 105 kasu positibo atzeman zituzten atzo, horietako bat Donezteben eta bertze bat Eratsunen

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 3a, 07:18

Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 190 daude ospitalean, horietatik 36 ZIUn.

Azken datuen arabera, bi positibo atzeman dituzte gure lurraldean: bat Eratsunen eta bat Donezteben. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %7koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 190 pertsona zeuden (horietatik 36 ZIUn). Atzeman zituzten 105 kutsatuen batez bertzeko adina 34,5 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.171koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 452 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 688 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 373 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 512 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, maiatzak 2, 1.491 proba egin zituzten (1.105 PCR eta 386 antigeno proba) eta horietatik 105ek positibo eman zuten (%7)

COVID-19ak jota, atzo, maiatzak 2, 8 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 5 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 190 daude ospitalean, horietatik 36 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %48, Tuteran %10 eta Lizarran %13. Gainerako positiboak (%29) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 255.324 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, maiatzak 2, 4.928 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 77.212 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (%26) eta 45 urtetik 59 urtera bitartekoak (%24) dira. Ondotik, 15-29 urteko taldeak daude (%21) eta 30-44 urtekoak (%14). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago (%12), eta 75 urtetik gorakoena (%3). Positibo berrien batez bertzeko adina 34,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 59.915 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.171koa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun