Koronabirusa

9 aholku garrantzitsu AstraZeneca txertoaren dosi bat hartu duten 60 urtetik beherakoentzat

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 1a, 14:00

Espainiako Osasun Ministerioak hainbat gomendio eman ditu AstraZenecaren Vaxzevria txertoaren dosi bat hartu duten 60 urtetik beherakoentzat. Nafarroan 21.000 pertsona inguru daude bigarren dosiaren zain.

Txertoaren dosi bakar bat jasoz gero, hona hemen zalantzak argitzeko bederatzi aholku garrantzitsu:

  • 60 urte baino gutxiago baldin baduzu eta AstraZenecaren Vaxzevriaren lehen dosia dagoeneko hartu baldin baduzu, lehenengo dosia hartu duzunetik 16 astera hartuko duzu bigarren dosia. Datozen asteetan emanen da txertoaren berri.
  • AstraZeneca txertoaren lehen dosi bat hartu baldin baduzu eta gaixotasuna, COVID-19a, pasatu baldin baduzu, orduan ez duzu bigarren dosirik hartu beharko. Txertaketa-pauta osatutzat jotzen da, eta ez da dosi gehigarririk hartu behar.
  • Garrantzitsua da jakitea txertoaren lehen dosia hartu ondotik hasten dela birusaren aurkako babesa garatzen (dosi bat hartu duenaren kasuan babesaren eraginkortasuna %80 ingurukoa da). Babes hori denbora batez mantentzen da. Gainera, 60 urtetik beherakoen artean, gaixotasun larria izateko arriskua ez da adinez nagusiena bezain handia izanen.
  • AstraZenecaren txertoa 55 urtetik beherakoentzat ere erabiltzen hasi zen. Geroago, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txertoarekin lotutako ezohiko odolbilduen gertakariak (gertakari tronbotikoak) baina larriak aztertu ondotik, txertaketa prozesua eten egin zen adin-talde horretan, zuhurtasun-printzipioa aplikatuta.
  • 60 urtetik beherakoen artean txertaketa prozesua etetearen erabakiak bigarren dosiei ere eragiten die; izan ere, oraingoz ezin da jakin tronbosi larriaren arriskua handitu, berdin mantendu edo murriztu egiten den bigarren dosi batekin.
  • Erabaki horrek Vaxzevria dosia hartu duten pertsonen kopurua bigarren dosia jasotzeko zain utzi du. Beharrezkoa da zehaztea zein den aukerarik seguruena eta eraginkorrena txertaketa osatzeko.
  • Aukerak aztertu ondotik, Espainian bigarren dosia emateko denbora 12 astetik 16ra luzatzea erabaki da.
  • Zer gertatuko da bitartean? Denbora horretan, bertze herrialde batzuetan bigarren dosiak emateari buruzko segurtasun-datuak izanen ditugu eskura, baita Espainian eta bertze herrialde batzuetan egiten ari diren saiakuntza klinikoen eta azterlanen emaitzak ere. Informazio horrekin, eta egoera epidemiologikoa eta txertoen eskuragarritasuna kontuan hartuta, datozen asteetan emanen da txertoaren berri, eta, ondotik, egoera horretan dauden pertsonei hitzordua emanen zaie.
  • Bitartean, pertsona guztiek, txertoa jarrita izan edo ez, 6 prebentzio-neurri garrantzitsuenei eusten segitu beharko diete:
  1. distantzia,
  2. musukoa,
  3. eskuak garbitzea,
  4. aireztapen gehiago eta aire zabaleko espazioak,
  5. kontaktu kopurua guttitzea (burbuila),
  6. etxean gelditzea sintomarik izanez gero edo COVID-19arekin diagnostikatuta egonez gero, edo proba baten emaitzaren zain egonez gero edo kutsatutako dagoen baten kontaktu estua izanez gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun