Asteburuan abiatuko da Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko api. 30a, 12:00
Igande goiz eta arratsaldez jokatuko dituzte partidak Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan.

Arraiozen abuztuaren 7an jokatuko den finalerako txartelaren bila zortzi talde lehiatuko dira, Doneztebeko lau, Iruritako bi eta Arraioz eta Oizko bana

Joan den urteko geldialdiaren ondotik (kopa formatuan jokatu zuten) maiatzeko lehen asteburuan abiatuko da Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren berrogeita batgarren edizioa. Zortzi talde ariko dira aurtengoan, lau Doneztebekoak, bi Iruritakoak eta Arraiozko eta Oizko bana. Azken urteetan bezala, izenaren ondotik, babesle duten etxearen izena eramanen dute talde gehienek aurten ere. Finala abuztuaren 7an jokatuko dute Arraiozko plazan.

Launa taldeko bi multzotan banatuta ariko dira taldeak. A multzoan Oiz (Aimar Saldias, Ioritz Zelaieta, Laurendi Zelaieta eta Iker Bereau), Doneztebe-The Moment (Pascual Bertiz, Julen San Miguel, Javier Bertiz eta Koldo Legarra), Doneztebe-Ameztia (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste) eta Doneztebe-Titi (Unai San Miguel, David Mitxeo, Erik Garcia eta Joseba Bengotxea) ariko dira.

B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Iñigo Dendarieta, Iñaki Azpiroz, Mikel Sagaseta eta Oinatz Jauntsarats),  Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Miguel Maritorena eta Jon Gamio), gaur egungo txapelduna den Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.

Final laurdenetan, bi multzoetako taldeak gurutzatuko dira ekainaren 26an eta uztailaren 3an (lehenbizikoak laugarrenen kontra eta bigarrenak hirugarrenen kontra); irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte uztailaren 17an eta 24an eta finala Arraiozko plazan jokatuko dute abuztuaren 7an.

Lehenbiziko jardunaldia asteburuan

Aipatu bezala, asteburu honetan jokatuko da lehen jardunaldia, lehenik aipatzen den taldearen plazan, partida hauekin:

A Multzoa

  • Doneztebe Titi – Oiz, igandean 11:00etan.
  • Doneztebe The Moment – Doneztebe Ameztia, igandean 17:00etan.

B multzoa

  • Irurita Olari – Arraioz Sagardia, larunbatean 17:00etan.
  • Irurita Miguelene-Doneztebe Apezteguia, igandean 17:00etan.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun