Koronabirusa

Heldu den astean 66 eta 69 urte bitartekoen txertaketa hasiko dute Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 28a, 16:00

Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du heldu den astean hasiko direla 1952 eta 1955 urteen artean sortutakoak txertatzen, eta horrekin batera, «ekain hondarrerako 16 urtetik goitiko herritarren %40 dosi batekin edo birekin babestua izatea» espero duela gaineratu du. Bertzetik, duela zenbait aste Astrazenecaren lehenbiziko dosia hartu zuten 60 urtez beheitikoen kasuan, «bigarren dosiarekin zer egin oraindik erabaki gabe dagoela» erran du. 

Nafarroako Gobernuaren arabera, «bana bertze hartzen duten dosien %90 paratzen ari dira. 66.397 lagun guztiz immunizatuak daude eta 162.840 lagunek guttienez dosi bat hartu dute». Dagoeneko 227.416 txerto paratu omen dituzte Nafarroan.
 

80 urtetik goitikoak eginak

Menpekotasun handia duten eta 80 urte baino gehiago dituzten herritarren kasuan, falta zirenak egunotan txertatzen ari direla adierazi du gobernuak. Adin horietakoei RNA bidezko Pfizer eta Moderna etxeen txertoak paratu dizkiete. Eskualdean ere bi dosiak hartzeko aukera izan dute herritarrek Leitzan, Lesakan, Donezteben eta Elizondon.

 

70-79 urtekoak bigarren dosiaren esperoan

70 eta 79 urte bitartekoen kasuan, 1942 eta 1951 urteen artean jaiotako 56.000 lagunek hartu omen dute lehenbiziko dosia, gehienek RNA bidezko txertoa eta joan den asteaz geroztik, batzuk Janssen etxearena ere bai. Adin tarte horretan «erabateko immunitatea maiatz hondarrerako lortu» nahi du gobernuak. Eskualdeari begira, dagoeneko lehenbiziko dosia hartzeko aukera izan dute aunitzek. Leitzaldekoek eta Urumealdekoek maiatzaren 4an Leitzan bigarren dosia hartuko dute; baztandarrek maiatzaren 11n Elizondon eta Bortzirietako herritarrek maiatzaren 12an Lesakan. Malerrekako herritarrek, berriz, atzo hartu zuten bigarren dosia.

 

60-65 urteko gehienak txertatzen hasiak, baina Bortzirietan ez

 

60-65 urtekoak, berriz, Astrazenecarekin txertatzen hasiak dira. Eskualdean, erraterako, Baztanen, Leitzaldean eta Urumealdean eta Donezteben lehenbiziko dosia hartzeko aukera izan dute. Bortzirietan, ordea, oraindik ez dute hartu, Ruth Gonzalez Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariaren hitzetan, «ez dagoelako txerto nahikorik». Leitzan bigarrena uztailaren 8an hartuko dute eta Elizondon uztailaren 9an.

 

Agudo 66-69 urtekoen txanda

66-69 urtekoen txanda heldu den astetik aitzinera izanen dela iragarri du gobernuak. Aitzindu duenez, herritarrek SMS bidez mezu bat hartuko dute eta txertatzeko hitzorduaren berri izanen dute.
 

Astrazenecaren txertoa 60 urtez azpikoetan

Irakasleek, suhiltzaileek, poliziek... Zenbait taldetan otsailean hasi ziren 60 urtez azpikoak Astrazenecarekin txertatzen, eta bigarren dosia maiatzaren 3tik 9ra bitarte hartzekoa zuten. Baina geroztik Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek Astrazeneca txertoa 60 urtetik beheitikoei ez ematea erabaki dute eta ez dute argitu zer gertatuko den lehenbiziko dosia hartu zutenekin. Gobernuak jakinarazi duenez, «aste hau bukatu baino lehen estatu mailan erabaki bat hartzea» espero du. Baina hala ez bada, «egoera horretan dauden herritarrek SMS mezu bat hartuko dute hitzordua gibelatuz». Gaineratu duenez, «ez dute aparteko deirik edo bertze deus egin beharko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun