Oskar Zapata Solano

«Euskararen aldeko jarrerak gizartean nagusitzea garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 25a, 12:00

Oskar Zapata Topagunearen Nafarroako zuzendaria eta Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko ordezkaria hitzarmena sinatzerakoan.

Euskal hiztunen aktibazioa indartzea, hizkuntza ohituretan eragitea eta erabilera indartzeko jarrerak areagotzea helburu duen programa sinatu du Topaguneak Nafarroako Gobernuarekin, 130.000 euroko hitzarmena. Oskar Zapata Euskaltzaleen Topagunearen Nafarroako zuzendariarekin solastatu gara elkartearen aurtengo asmoen inguruan.

Biziprest dokumentalaren zabalpenarekin hasi zarete. Zenbat eta zein herritan proiektatzeko asmoa duzue?

Nafarroa Garaiko eskualde guztietan proiektatu nahi dugu urtea bukatu aurretik. Estreinaldia apirilaren 15ean izan zen Iruñeko Golem-en, geroztik eta apirila osorako eskaintza luzatzen ari gara. Dagoeneko bi data itxi ditugu eta beste batzuk ixteko bidean gaude; lehendabiziko proiekzioa izanen da Lizarrako Sugarra gaztetxean maiatzaren 14an, ekainaren 2an Artikan eta gero Gares, Sakana, Tutera, Bortziriak, Leitza…

Honez gain, zer nolako ekimenak prestatzen ari zarete aurten?

Dokumentalaren zabaltzearekin batera, herriz herri, iazko batzordekideekin bilerak eginen ditugu, gauzatu nahi dituzten ekimenak aurrera eramaten gure kolaborazioa eskaintzeko, bai Ariguneekin lan egiteko, baita norbanakoen erabileran eragiteko. Horrez gain, interesa dutenei formazio saioak eskainiko dizkiegu entitateekin lanean jarraitu ahal izateko eta udazkenera begira sentsibilizazio tailerrak antolatzeko aukera ere luzatuko diegu. Une honetan erdaldunei zuzenduriko tailer bat ontzen ari gara.

Bestalde, urriaren 14an Iruñeko Kondestable Jauregian jardunaldi bat antolatuko dugu: Nafarroan euskararen aldeko jarrerak hobetzeko aukerak izenburupean. Horren helburua hainbat gogoeta eta proposamenak partekatzea izanen da. Izan ere, Nafarroan ziklikoki egiten den inkesta soziolinguistikoan, errepikatzen diren datuak agertu dira azkenekoan ere. Jendeari galdetuta zein jarrera duen euskararen erabilera sustatzeari buruz, erantzunetan alde %33,3 agertzen da, ez alde ez kontra %27,6 eta kontra %39,1. Hor pausatu nahi dugu jardunaldiaren gogoeta: zer estrategia erabili genitzake, Nafarroan gero eta jende gehiago egon dadin euskararen erabilera sustatzearen alde?

«Gobernuarekin hitzarmena sinatzeak gure lana balioan jartzen du»

Oskar ZAPATA, Euskaltzaleen Topagunearen Nafarroako zuzendaria

Urte bukaera aldera, bestalde, Iruñean ekitaldi ludiko ireki bat antolatuko dugu. Gure nahia festa kutsua ematea da, Ahobizi, Belarriprest eta batzordekideekin partekatzeko tartea. Baina garaiko egoerara egokituko gara. Horrekin batera, Euskal Herriko eskualde guztietan, herriz herri aktibazio dinamikak antolatzeko proposamena eginen dugu.

Nafarroako Gobernuarekin kolaborazio hitzarmena sinatu duzue. Nolako eragina dauka Gobernuak horrelako elkarte bat laguntzeak?

Garrantzitsua da arlo guztietatik begiratuta. Batetik, aitortza dakarrelako: egiten den lana balioan jartzen du, euskararen erabilera gizarteratzeko egiten dugun lana eta Euskaraldia ekimena bera aitortzen ditu. Talde profesionala egonkortzeko aukera ematen digu, eta horrenbeste, era planifikatuagoan lan egiteko. Lehentasunezkoak diren beste lan arloak ere lantzeko ateak irekitzen dizkigu, jarrerarena kasu. Nafarroako Gobernua eta Gizarte mugimendu baten arteko elkarlanerako markoa definitzen du.

Erdaldunei zuzendutako sentsibilizazio saioak ere antolatzen ari zarete. Zer da garrantzitsuago euskararen bizirauterako, ez dakitenek ikastea edo badakitenek erabiltzea?

Biak dira garrantzitsuak, bata eta bestea. Euskararen aldeko jarrerak gizartean nagusitzea garrantzitsua da, eta horretarako euskaratik urrun dauden horiek euskarara hurbiltzeko gakoak topatu behar ditugu. Garrantzitsua da hezkuntzaren bidez eta helduen irakaskuntzaren bidez gero eta euskal hiztun gehiago sortzea. Eta funtsezkoa da erabilera aukerak ugaritzea, egunerokotasunean gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz egin dezagun. Horretarako, Euskaraldia oso tresna interesgarria da. Euskal Herrian denok Belarriprest izango bagina, Ahobizi jokatzeko aukerak izugarri biderkatuko lirateke, ezta?

«Euskaratik urrun daudenak hurbiltzeko gakoak topatu behar ditugu»

Oskar ZAPATA, Euskaltzaleen Topagunearen Nafarroako zuzendaria

Orain arte euskararen alde egindako ekitaldiek emaitza ona izan al dute?

Maratoi batean gabiltza, batzuetan makurrago sentitzen zara eta besteetan indartsuago, baina perspektiba ez galtzea da gakoa: aurrera goaz? Bukatu nahi dugu maratoia? Hizkuntza baten biziberritze prozesuan faktore askok dute eragina. Egiten ditugun ekimenek ere bai. Batzuek harrera eta emaitza hobea dute beste batzuek baino; inportantea da ekitaldiek helburu garbia edukitzea, estrategia egokiak diseinatzea, ekintza erakargarriak eta eraginkorrak proposatzea eta egindakoa ebaluatzea.

Euskaltzaleen Topagunean era horretan lan egiteko bokazioa dugu. Eta horren fruitu dira, Euskaraldia, Solaslaguna, aisialdi klubak, kultur zirkuituak, tokiko hedabideak…euskaltzaleen elkarteak.

Zerbait gehitu nahiko al zenuke?

Animoak bidali egoera zail honetan gaizki pasatzen ari den orori eta eskerrak eman Ttipi-Ttapari, egiten duzuen lana eredugarria baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun