Koronabirusa

Neurri murriztaileak alarma egoera bukatu arte luzatu dituzte Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 19a, 17:00

«Egoera epidemiologikoa eta osasun egoera kontuan hartuta», neurri murriztaileak maiatzaren 9ra arte luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Hala, itxiera perimetralak, etxeratze aginduak, eta eremu publiko eta pribatuetako bileretan ezarritako mugak indarrean segituko dute ordura arte. Horrez gain, ostatu eta jatetxe barrenean ezin izanen da kontsumitu.

Azken astean Nafarroan koronabirusean positibo eman dutenen kopurua %21 murriztu dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, baina azken 14 egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 408 kasukoa dela erran du eta hala, «arrisku handiko egoera» dela. Kalifikazio hori «250 kasuko intzidentziatik goiti» lortzen dela gaineratu du. Horrekin batera, azken zazpi egunetako datuak ere aipatu ditu: «Nafarroako intzidentzia metatuta 100.000 biztanleko 179 kasutan dago, arrisku hagitz handia adierazten duen 125 kasuen gainetik». Ospitaleratutako kopurua ere handia dela azaldu du: atzo 210 lagun ziren Covid-19agatik ospitaleratutakoak Nafarroan, eta horietatik 42 ZIUn daude.

Hala bada, neurri murriztaile hauek indarrean segituko dute:

  • Ostatu eta jatetxeen barrenean ezin izanen da kontsumitu.
  • Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara mantenduko dute.
  • Nafarroako itxiera perimetrala ere mantenduko dute.
  • Erabilera pribatuko espazioetan egindako bilerak: bizikidetza-unitatekoak baino ez.
  • Erabilera publikoko espazio irekietan egindako bilerak: gehienez ere sei pertsona.
  • Erabilera publikoko espazio itxietan egindako bilerak: gehienez ere lau pertsona.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun