N-121-A

GUTUNA: ANET-Tradisna, eta elkartasuna N-121-A errepidean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 19a, 14:00

Joan den ortziralean, nazioarteko trafiko astuna N-121-A errepidetik A15era bideratzea eskatuz errepide mozketak egin ziren errepide honetako hamaika lekutan. Hori ez egitea eskatuz ANET eta Tradisna garraiolarien sindikatuetako idatzia argitaratu zuten zenbait komunikabidetan. Idatzi honi erantzunez, bertze bat idatzi dute N-121-A errepide inguruko hainbat alkatek, suhiltzailek eta bertzelako erakundeek. Garbi adierazi dute elkarretaratze hauekin ez dutela garraiolarien sektorea diskriminatu nahi.

Descartesek zioenez, «Ez dago munduan arrazoimena baino modu bidezkoagoan banatutako ezer: mundu guztia dago nahikoa izateaz konbentzituta».

Ez dugu inoiz zuekin istilurik sortu nahi izan. Gure asmotik urruti. Hala ere, joan den ortzegunean, apirilaren 15ean, eskaini zeniguten idazkia irakurri ondotik, erantzuteko beharra sentitu dugu, nahastuta zaudetela ematen baitu, eta, beraz, hori transmititu dezakezuelako.

Antza denez, zuen hitzetatik ondorioztatzen denez, N-121-A errepideari buruzko gai honetan, eta bertze edozein kalteturen gainetik (elkartasuna adierazita ere), biktima bakar batzuk nabarmentzen dira: zuek, Nafarroako garraiolariak, edo zuek ordezkatzen dituzuenak, hobeki erranda.

Modu ulertezinean, eta horrela aurkeztu nahian, «Nafarroako iparraldea hornitzeaz eta bertako produktuak esportatzeaz arduratzen ziren funtsezko langileek (hitzez hitz) beraien aurka 11 puntutan bidea moztuta aurkituko zutela» salatu zenuten, eta hori, mesedez, ez egiteko eskatu zeniguten.

Zuek ezin duzue hori erran eta guk serio hartzea esperatu...

Baina jakin-minak irakurtzen segitzera garamatza, eta segidan honako hau gaineratu zenuten: «Anet eta Tradisnakooi lur jota uzten gaitu gure lankide, autonomo eta garraio enpresa nafarrak horrelako zerbaiti aurre egiten ikusita», baina horrekin pozik ez eta gure estualdia biderkatzeko honekin amaitzen duzue: «Sektorearekiko eta Nafarroako hornikuntza-katean aritzen diren pertsona guztiekiko diskriminazio hau gelditzeko eskatzen dugu».

Lehenengo puntua: programatutako 11 mozketak aldi berekoak izan ziren, 5 minutuko iraupenekoak. Horiek beren izaera sinbolikoagatik nabarmentzen ziren, eta neurri guztiak hartu ziren manifestarien eta bide-erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Guztiona (batzuk badira), ez zuena bakarrik.

Inguruko hornikuntza ez zen kaltetu, eta are gutxiago arratsaldeko zazpietan izan zela kontuan hartzen badugu...

Bigarren puntua: inguruko bizilagunek ez dituzte ekintza horiek inoren aurka egiten, are guttiago Nafarroako garraiolarien aurka, horietako aunitz gure bizilagunak. Erabat barregarria da.

«Inguruko bizilagunek ez dituzte ekintza horiek inoren aurka egiten, are guttiago Nafarroako garraiolarien aurka, horietako aunitz gure bizilagunak. Erabat barregarria da»

Hirugarren puntua: zuen lagunek «horrelako zerbaiti» (bortz minutuko mozketa) aurre egin behar izateak lur jota uzten bazaituzte, imajina ezazue nola gelditzen zaigun gorputza guri, urteak baitaramatzagu egunero tona handiko kamioien etengabeko inbasioa jasotzen. Horrek dakarren guztiarekin, arriskuari, degradazioari, kutsadurari eta trafikoaren pilaketari dagokienez, bertze aukera bat badela kontutan hartuta.

Zuek elkartasuna eskatzen diguzue: eta zuen gurekiko elkartasuna?

Gainera, sektorea diskriminatzen ari garela leporatzera ausartzen zarete, baina eskatzen dugun gauza bakarra N-121-A errepideko eremuan abiapuntua eta helmuga ez duen nazioarteko garraioa A-15 autobidetik desbideratzea da. Bai, errepikatzen dugu eta errepikatzen segituko dugu, NAZIOARTEKO garraioa, abiapuntua eta helmuga zonaldean ez dituena. Eskualdean deskargatu edo kargatu behar duen orok N-121-A errepidetik zirkulatuko du, noski. Gezurra dirudi hainbertzetan errepikatu behar izatea.

«Amsterdameko bidean, Almeriatik abiatzen den kamioi batek, 2.311 kilometro egiten dituenak, ezin dituela 22 kilometro gehiago egin?»

Zuek, mugitzeko dugun eskubidea babesten duzuenak eta Nafarroako iparraldeko bizilagunekin egoteaz harro zaudetenak; nola azaldu diezaiokezue iritzi publikoari Amsterdamerako bidean, Almeriatik abiatzen den kamioi batek, 2.311,6 km egiten dituenak, ezin dituela 22 km gehiago egin? Zuek ezin baduzue guk eginen dugu; diruagatik. Eta hori ez da txarrena, txarrena da euro gutti batzuk baino ez direla. Utzi biktimismoak eta monsergak. Zuei Nafarroako iparraldeko herrien ongizatea eta komunikaziorako eta jainkoak agintzen duen moduko lurralde-kohesiorako bide bat izateko duten eskubidea bost axola, dirua kostatzen bazaizue.

Baina hara non, gu hasiera-hasieratik zuen tokian jarri gara; izan ere, ahal den neurrian konpentsatuko zaizuela egin beharko zenutekeen gehiegizko ibilbide hori defendatu dugu, nahitaezko desbideratze horiek aplikatzen dituzten komunitateetan egiten den bezala. Baina ez nahastu, kasu honetan, zuei buruz solas egiten dugunean, ez dugu Nafarroako garraiolariei buruz solas egiten, ez. Kaltetutako guztiei buruz ari gara. Ez dugu inor diskriminatzen.

Bertze aldetik, zuek trafikoa moteltzen duzuenaren argudioa hagitz 'burutsua' da, baina ez gaitu kikiltzen. Kamioi batek N-121-A errepidearen abiadura-mugak errespetatzen baditu ibilbide osoan (biribilguneak, bidegurutzeak, zeharbideak), matematikoki ezinezkoa du autobiatik baino lehenago ailegatzea. Baina denok dakigu lehenago ailegatzen direla. Baietz?

Egia erran, baliteke zuen argudioak desmuntatzen segitzea, baina kontua ez da irakurlea aspertzea. Hala ere, ez dugu irri murrika bat sortu digun zerbait pasatzen utzi nahi izan. Erraten diguzue merkantziak ezin direla A-15etik desbideratu, hau ez delako bide paralelo bat (perpendikularra izanen da). Baina berehala gaineratzen duzue 2+2 bide batek bai, zirkulatzeko aukera emanen lukeela trabarik egin gabe, N-121-A errepidearekiko paraleloa izan edo ez.

Paraleloa izan edo ez? A-15ak ez du balio paraleloa ez delako, baina 2+2 batek balio lezake, nahiz eta hori ere ez izan?

Descartes izanen bagina horrelako zerbait deszifratzeko...

 

Sinadurak

Alkateak: Juankar Unanua (Igantzi), Aitor Elexpuru (Bera), Dabid Iturria (Arantza), Ladis Satrustegi (Lesaka), Miguel Mari Irigoien (Etxalar), Ane Otxandorena (Elgorriaga), Leire Ortuoste (Doneztebe), Natalia Rekarte (Donamaria), Ernesto Dominguez (Zubieta), Francisco Javier Bereau (Ituren), Ugutz Zelaieta (Oiz), Andres Etxenike (Bertizarana), Jon Telletxea (Beintza-Labaien), Evaristo Mentaberri (Zugarramurdi), Iñaki Ariztia (Urdazubi), Edurne Barberena (Araitz-Orkin), Isabel Baleztena (Lantz), Miguel Angel Larraioz (Anue), Alberto Urdaniz (Odieta), Marikarmen Lizoain (Olaibar), Pedro Lezaun (Ezkabarte), Alfredo Arruiz (Uharte).

Mikel Uriarte (Oronoz-Mugairiko suhiltzailea)

Carlos Etxeberria (Uharteko Bide Segurtasunerako Plataforma)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun