N-121-A

GUTUNA: N-121A: Txibite lehendakaria eta «bere lurralde antolamendua»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 10a, 20:30

Mikel Uriarte N-121A errepideko bizilaguna, alkate ohia eta Oronoz-Mugairiko suhiltzailea da eta N-121A errepidearen inguruko eskutitza idatzi dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari. Argi dio: «N-121A errepidearen segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko hartu beharreko 'doako' neurria kamioiak A-15etik desbideratzea da. Ez dugu bertzerik eskatzen».

Txibite lehendakari andrea, hitz politak erabili zenituen joan den martxoaren 30ean Bertizko Jauregian Baztan-Bidasoko alkateekin egin zenuen agerraldian, eta are «borobilagoa» izan zen hedabideei aurkeztu zenieten prentsa-oharra.

Nabarmendu zenuenez, «azpiegiturak eskualdearen lurralde antolamendurako eta kohesio sozialerako funtsezkoak dira eta horregatik, N-121A errepidea 2+1 bide bilakatzea eta bertako tunelak bitan banatzea lehenesten dira eta horretara bideratzen ari dira ahalegin ekonomikorik handienak».

«Ez dugu kamioi transeuroparren korridorerik nahi, horrek herrietako elkarbizitza aunitz baldintzatzen duelako, tokiko garapen sozial eta ekonomikoari ekarpen gutti egiten diolako eta ingurumena aunitz kaltetzen duelako»

Baina inguruko alkate eta herritarrontzat, –ez Baztan-Bidasoko gonbidatuentzat bakarrik–, Iruñea eta Behobia artean dauden herrietako 29 udal eta herritarrentzat, alegia, azpiegiturek lurralde antolamenduan duten eginkizuna bertzelakoa da. Hau da, komunikazio-bideak (errepidea eta tunelak) gainezka ez egitea, lasaiagoak, garbiagoak eta seguruagoak izatea edo ongi mantentzea erran nahi du, eta nahi eta merezi dugulako, inguruko tokiko garapenari bidea emanen diotenak izatea. Ez dugu «pixa egiteko ere» gelditzen ez diren kamioi transeuroparren korridorerik nahi, horrek inguruan dauden herrietako elkarbizitza aunitz baldintzatzen duelako, tokiko garapen sozial eta ekonomikoari ekarpen gutti egiten diolako eta alderantziz, inguruko ingurumena aunitz kaltetzen duelako.

Horregatik, egunero-egunero pasatzen diren «nazioarteko» 3.000 ibilgailu astunen trafikoa behin betiko paraleloa den A-15era desbideratzeko eskatzen dizugu (eta ez zure oharrak dioen bezala, asteburuetan bakarrik). Neurri horrek, zalantzarik gabe, Belateko tunelen arrisku-maila hagitz modu eraginkorrean murrizten lagunduko luke. Oronozko suhiltzaileok ere horixe da eskatzen duguna; tunelen segurtasuna areagotzeko premiazko neurriak hartu behar direla eskatzen ari gara, orain, epe laburrean, 2025era arte esperoan egon gabe.

Kamioiak desbideratzeko eskariari dagokionez, honela erran zenuen: «Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoek ezinezkoa dela erraten digute. Errepide nazionalari buruz ari gara».

«Ez al da ba Nafarroako Gobernuaren borondate eta ahalegin falta bertzerik izanen?»

Akaso zuk edo zure zerbitzu juridikoek uste duzue N 232 (Zaragoza eta Logroño arteko errepide nagusia), N II eta N 340 (Frantziatik Mediterraneora doan errepidea) edo N 240 (Ebrotik Tarragonara doana) eskualde mailako errepideak direla? Urteak pasatu dira Errioxako eta Kataluniako gobernuek errepide «nazional» horietan segurtasunaren aldeko apustua egin zutenetik eta kamioiei errepide horietatik ibiltzea debekatu zietenetik. Hori horrela, ez al da ba Nafarroako Gobernuaren borondate eta ahalegin falta bertzerik izanen? Bilera hartan zure ondoan jarrita zegoen Ziriza kontseilariak ezin izan zuen ezintasun juridiko hori zehaztu eta arrazoitu, ezin izan zuen erantzunik eman.

Ziriza jaunak berak alkateei, Bertizerako bidean, ez zitzaiola trafiko handiko errepidea iruditu bota zien, ez zitzaiola iruditu hainbertze kamioi zegoenik. Gutti iruditzen al zaizkizu gero eta maizago sortzen diren auto-ilarak? Aldi honetan, bisita egin zenuenetik bortz egunera sortu ziren, bi egunez segidan, 14 kilometro arteko ilarak, eta gehienak mugara zoazen kamioiak ziren.

Txibite andrea, zure proiektuen jasangarritasuna goraipatzen duzu. Bada Nafarroako Gobernua orain N-121A errepideko galtzada eta tunelak baldintza egokian eta seguruan mantentzeko gai ez bada, 2+1 errepidea bilakatzeak eta bi tunel egiteak sortuko duen gastuarekin egin ahal izanen duela iruditzen zaizu? Azpiegitura honen mantentzea eta segurtasuna bermatzea garestitzen eta zailtzen duena ibilgailu astunen joan-etorria da.

Errepide hau 2+1 bilakatzeko lanak edo tunelen bikoizketa garestia egitea proposatu dugunak ez gara eskualdeko alkateak eta herritarrak izan. Are gehiago, tunelen bikoizketa ez da guztiz beharrezkoa Europako araudiak eskatzen duen segurtasun-maila betetzeko.

«Gobernuak bere aldetik hartu ditu erabakiak, eskualdeko herritarren hitza kontuan hartu gabe»

Gobernuak bere aldetik hartu ditu erabakiak, eskualdeko herritarren hitza kontuan hartu gabe. Guretzat, errepide honen segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko hartu beharreko «doako» neurria kamioiak A-15etik desbideratzea da. Ez dugu bertzerik eskatzen.

Bertze erkidego batzuetan neurri hau hartzea posible izan dela ikusita, datorren ortziralean, apirilaren 16an, errepide mozketa batean, oraingoan bortz minutukoa bakarrik, gure eskaera berriz aditzeko aukera izanen duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun