Herriko plazak hutsik dantzaririk gabe

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 10a, 11:00

Covid-19ak eragin handia izan du eskualdeko euskal dantza taldeen jardunean. Egun eskualdeko taldeen egunerokotasuna nolakoa den jakiteko Lesakako, Senpereko, Doneztebeko eta Leitzako taldeetako arduradunekin izan da Ttipi-Ttapa

Izaskun REKARTE

«Euskal dantza taldeen egoera, hagitz arraroa eta ezegonkorra da momentu honetan». Halaxe baieztatu digute Amaia Ostolaizek, Lesakako Tantirumairu dantza taldeko dantzariak; Pantxika Telleriak, Senpereko Elirale dantza konpainiaren koreografoak; Oihana San Migelek, Doneztebeko Erreka dantza taldeko dantzariak, eta Nahia Barriolak, Leitzako Aurrera dantza taldeko dantzariak. 2020ko martxoan dantza taldeen eguneroko jarduna gelditu egin zen eta urtean zehar antolatzen dituzten emanaldi ia guztiak bertan behera gelditu dira. Modu honetan, Euskal Herrian, baita gure eskualdean ere, hain maitatuak diren euskal dantza emanaldirik gabe eta dantzaririk gabe gelditu dira herrietako plazak. Neurri handi batean bederen.

Etxetik jardunean

«Konfinamenduan online entseatu genuen»
Amaia OSTOLAIZ, Tantirumairu

2020ko martxoaren 14an alarma egoera ezarri zen eta euskal dantza taldeek saio presentzialak eten egin behar izan zituzten, klaseetara noiz itzuliko ziren jakin gabe. Hau horrela batzuek teoria landu, klaseak online bidez emateari edota koreografia berriak sortzeari ekin zioten. «Konfinamendua hasi zenean entseguak hilabete batez eten genituen». Konfinamendua medio, hau izan zen Tantirumairu dantza taldeak hartu zuen erabakia. Hala ere, segidan martxan hasi ziren «egonkortu zenean, 12 urtetik goitiko taldeek online entseatzen hasteko erabakia hartu genuen». Ekain hasieran, konfinamendua bukatu zenean «helduen taldekoak presentzialki entseatzen hasi ginen, abuztuan eskaini genuen emanaldia prestatzeko».

Herriko bestak gogoan

«Ikuslerik gabeko ezpata-dantza izan zen»
Nahia BARRIOLA, Aurrera

«Urtero bezala, Leitzako festetako ezpata-dantza entseatzen hasi ginen» baina Covid- 19aren hedapena saihesteko hartutako neurriak jarraituz «ikuslerik gabeko ezpata-dantza izan zen». Dantzarekin «bideo bat grabatu eta herritarrei helarazi genien herriko festetako keinu gisa». Erantzun «polita» izan zutela adierazi du Aurrera taldekoak. Ostolaizek saminez gaineratu du sanferminetarako deus egin ezin izan  zutela. Hala ere, ez ziren udako emanaldirik gabe gelditu «zorionez aurtengo martxoan helduen zein haurren taldeak elkartu eta dantza eguna antolatzeko aukera izan dugu». Herriko bestak ospatzeko aukerarik izan ez bazuten ere Erreka taldeak «udan, segurtasun neurri guztiak betez, hainbat asteburutan herritarrei dantza herrikoiak dantzatzeko aukera» eskaini zien. Erantzuna «polita» izan zela gaineratu du, herriko plazan «jende aunitz» bildu baitzen.

Irekitzen ausartu direnak

«Hastapenean itoak sentitu ginen»
Pantxika TELLERIA, Elirale

Bada dantza saioak ematen jarraitu duen talderik ere, baina, hauek hainbat erronka eta arau berriri aurre egin behar izan diete: «Dantza saioak eman ahal izateko, saio bakoitzaren aitzinetik, eskuak garbitu, maskara jantzi eta distantzia mantenduz ari gara» gaineratu du Pantxika Telleriak, «egokitu behar izan dugu: egokitu edo deus ez egin». Modu honetan, emanaldiak moldatu dituzte eta sorkuntza lanetan segitu dute. «Hastapenean, pixka bat itoak sentitu ginen taldean, hainbertze muga izatea frustragarria zen». Telleriak aditzera eman duenez euskal dantzek, bertze dantza modalitate batzuk ez bezala, bikote gabe aritzeko aukera zabala dute, «euskal dantzek uste litekeena baino aukera zabalagoa eskaintzen dute. Binaka ez ezik, bakarrik ere dantza anitz egin baitaitezke. Gainera, euskal dantzen oinarria pauso zehatz batzuk dira, eta hauek zailtasunik gabe entsea daitezke distantzia mantenduz». 

Emanaldiak eskaintzeko zailtasunak

«Frantziako Estatuak ezarritako murriztapenekin ezinezkoa zaigu emanaldiak bertan eskaintzea, horregatik, orain egiten ari garen performance guztiak Hego Euskal Herrian eskaintzen ari gara». Modu honetan azaldu ditu Pantxika Telleriak Frantziako Estatutan kultur taldeek emanaldiak emateko dituzten zailtasunak eta oztopoak. 

Egoeraren eboluzioaren araberako ikasturtea

«Pandemiak baldintzatu gaitu»
Oihana SAN MIGEL, Erreka

«Urtarrilean, dantzari txiki zein helduak entseatzen hasi ginen eta ekain erdialdean emanaldi bat ematea aurreikusi dugu» dio itxaropentsu Nahia Barriola leitzarrak. Amaia Ostolaizek jakitera eman duenez,  Tantirumairu dantza taldeak bere jardunarekin segitu du 2020-2021. ikasturtean «urrian, urtero bezala, talde guztien entseguekin normaltasunez hasi ginen, betiere, momentuan ezarrita dauden osasun protokoloak errespetatuz». Oihana San Migel Errekako dantzariak «pixkanaka egoerari buelta ematen» hasi direla adierazi du. Izan ere, «herriko karrikak eta plaza musika eta dantzez betetzeko desiratzen» daude. 

Plazetara itzuliko gara

Azkenik, baikor mintzo dira eskualdeko lau dantza taldeetako arduradunak eta Covid- 19ak sortu duen larrialdi egoeraren ondotik berriz ere gure herrietako plazak dantzaz eta musikaz alaituak izanen direla adierazi dute. Nahia Barriolak argi du zein izanen den euskal dantzen etorkizuneko bilakaera, «euskal dantza garai bakoitzera egokitu da, eta garai bakoitzak euskal dantzak egokitu ditu. Hortaz, seguru nago oraingo oztopo hau gainditzeko gaitasuna ere izanen duela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun