Koronabirusa

Ostatuen barrenean kontsumitzeko debekua apirilaren 22ra arte luzatuko du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 7a, 13:30

«Egoera epidemiologikoa ikusita», ostatuen barnean kontsumitzeko debekua eta eremu publiko eta pribatuko bileren mugak apirilaren 22ra arte luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.

Horrela, ostalaritzaren barrualdeak itxita segituko du, espazio pribatuak bizikidetza-unitatera mugatuta egonen dira eta bilerak gehienez sei lagunekoak izanen dira espazio publikoetan. Gainera, Nafarroako itxiera perimetrala eta etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara mantenduko dituzte.
 

Atzo asteartea, Nafarroan 198 kasu berri erregistratu zituzten eta, beraz, bezperako datuekin konparatuz kutsadurak igo egin dira. Atzo, PCR eta antigeno testen artean, 2.697 proba egin zituzten eta positibotasun-tasa %7,3koa izan zen behin-behineko datuen arabera.

Pasa den astean, 163 kasu erregistratu zituzten asteartean (%6,1), asteazkenean 164 kasu (%4,7), ortzegunean 154 kasu (%8,3), ortziralean 195 kasu  (%7,6), larunbatean 154 kasu (%9,8), igandean 175 (%10,9) eta astelehen honetan 177 (%8,2).

Ostalaritzaren barrualdea itxita badago ere, etxera eramateko janaria eskaintzen dutenek irekita eduki ahal izanen dute 22:30ak arte, eta terrazak % 100ean irekita egonen dira irekita 21:00ak arte, araudian ezarritako baldintzen arabera.
 
Ikusi hemen COVID-ari aurre egiteko Nafarroan indarrean dauden aparteko neurriak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun