'Euskararekin, gora eta gora beti! kanpaina aurkeztu du Euskarabideak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 7a, 17:00

Hiru mintegik osatuko dute programa, euskara hiztun berrien artean sustatzeko, kasu honetan haurren artean

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararekiko motibazio kanpaina bat aurkeztu du. Euskararekin, gora eta gora beti! lelopean, euskararen ikaskuntzaren eta erabileraren balio positiboa helarazi nahi die familiei. Kanpaina Euskararen Plan Estrategikoan txertatu da eta  ardatzetako bat hezkuntza-sisteman, haur-eskoletatik unibertsitate-irakaskuntzara, euskara irakastearen bidez sartzen diren hiztun berriei lotuta dago.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak aurkeztu zuen ekitaldia apirilaren 6an, eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria ere bertan izan zen. Kanpainaren helburu nagusia euskara balio positibo eta integratzaile gisa eta familiek seme-alabei eskain diezaieketen baliabide baliotsu gisa islatzea da.

Kontseilariaren hitzetan, «euskara egungo eta etorkizuneko balioa da, munduari irekia, eta gure seme-alabei balioa eta aberastasuna ematen die. Oraingo eta etorkizuneko hizkuntza. NASTATen inkestaren arabera, 30 urtetik beherako lau gaztetik bat euskalduna da. Gurasoen %30ek D eredua, hau da, hizkuntzan murgiltzea bermatzen duen eredua, aukeratzen dute 3 urteko seme-alaben hezkuntzarako, eta %20k A eredua. Gainera, Eusko Ikaskuntzak bizikidetzari buruz egindako azterlanak adierazten duen bezala, gazteek gero eta gehiago ikusten dute euskara balio positibo gisa».

Hiru mintegi on line

Kanpainak zenbait webinar ditu, joan den azaroan hasi zirenak, toki-erakundeekin elkarlanean antolatutako Eskola, bihurtu aukera/era.eus, zure lankidea jardunaldiekin, euskaraz eskolatutako haurren familientzat eta eskolatzean hizkuntza horrekin curriculumean kontaktua dutenentzat.

Hitzaldi hauen arrakastaren ondorioz, berriz ere bigarren ziklo bat programatu da, Nafarroa bezalako erkidego batean euskara ezagutzearen eta erabiltzearen balioaz sentsibilizatzeko.

Kanpaina hiru urtetik beheitiko haurren gurasoei zuzenduta dago bereziki, euskara seme-alaben hezkuntzarako elementu baliotsu gisa sustatzeko eta Nafarroako hezkuntza sisteman euskararen inguruan dauden aukeren berri emateko.

Hiru saioak hezkuntza arloko adituek zuzenduko dituzte. Internet bidez emanen dira zuzenean eta familiek galderak egin ahal izanen dituzte.

  • Apirilaren 12an, 18:00etan, El euskera y el multilingüismo en el contexto escolar izenburupean eginen da saioa, Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnosi Metodoen katedradunak aurkeztuta.
  • Apirilaren 13an, 18:00etan. Eduardo Aldasoro pedagogo eta hezkuntza adituak Modelo D: inmersión lingüística en euskera saioa aurkeztuko du.
  • Apirilaren 14an, 18:00etan, A ereduan euskara irakasten eskarmentu handia duen Juan Pedro Urabayen irakaslearen txanda izanen da. Bere hitzaldiaren izenburua Ábreles la ventana del euskera, aprender euskera es una oportunidad da.

Hitzaldien aitzinetik ikus-entzunezko hiru ekoizpen aurkeztuko dituzte. Bertan hainbat pertsonek euskararen inguruan dituzten bizipenak eta iritziak kontatuko dituzte, haurren hezkuntzaren elementu gisa. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Begoña Lanz, Alloko irakaslea; Leire Echeverria eta Ainhoa Iriarte, Garesko irakasleak; Ainhoa Unanua, Mañeruko ama eta erizaina; Jorge Nagore, Iruñeko aita eta kazetaria; Maite Espinosa, Buñuelgo ama eta alkatea; Raquel Jiménez, Cascanteko ama eta irakaslea; Pablo Hermoso de Mendoza, Lizarrako aita eta errejoneatzailea; África Baeta, ama eta kazetaria; eta Natalia Lacunza, Iruñeko kantaria.

Kanpainaren osagarri, kartel orokor batzuk izango dira (Regálales el euskera y llegarán muy alto /Euskararekin gora eta gora beti!) bai eta herri bakoitzera egokitutako bertze batzuk ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun