Bilkurak
- Erabilera pribatuko espazioetan egindako bilerak: bizikidetza-unitatekoak baino ez.
- Erabilera publikoko espazio irekietan egindako bilerak: gehienez ere sei pertsona.
- Erabilera publikoko espazio itxietan egindako bilerak: gehienez ere lau pertsona.
Ostalaritza
- Apirilaren 1etik 9ra Nafarroako ostatu eta jatetxeek barreneko aldea itxi beharko dute. Irekita mantenduko dituztenak garraiolariak bezero dituztenak izanen dira eta hornitegi eta errepidean kokatutakoak, bortz trailer baino gehiagorendako aparkalekua baldin badute. Langile horiei zerbitzua emateko bakarrik irekiko dituzte.
- Terrazak: Kanpoan dauden terrazak irekita mantentzen ahal izanen dituzte, 21:00 arte. Maskara derrigorrezkoa izanen da, mahaitik mahairako tartea bi metrokoa, jarrita kontsumitu beharko da eta bi metroko tartea mantendu ezin bada, debekatua dago erretzea. Dena den, terrazetan ez erretzea gomendatu dute. Mahai bakoitzean gehienez lau lagun onartuko dituzte, eta 70 cm-ko diametroa duten mahaien kasuan, gehienez bi lagun.
- Etxera eramateko janaria eskatzen ahal izanen da eta establezimenduan 22:30 arte bildu ahal izanen da.
Testak ikasleei
- Nafarroako Gobernuak antigeno testak dohainik eginen dizkie bertze erkidego edo atzerritik Nafarroara datozen ikasleei.
- Zerbitzua aukerakoa izanen da.
- Interesa dutenek hitzordua eskatzeko 648 20 04 00 telefonora deitu beharko dute, 09:00etatik 21:00etara.
Kultu tokiak
- Kultu tokietan jarduerak beranduenez 21:00 arte gomendatu dituzte. Horrekin batera, gehienez %30eko edukiera izan beharko dute, eta ez kantatzea aholkatu dute.
Bataioak, ezteiak, ezkontzak, jaunartzeak eta bertzelako ospakizun sozialak, familiarrak, erlijiosoak eta zibilak
- Apirilaren 1etik 9ra horien ondotik ostatu eta jatetxeen kanpoaldean egiten diren ospakizunetan gehienez ere 20 lagun bildu ahal izanen dira.
- Ezin izanen da dantza-tokia erabili.
Mugikortasuna
- Aste Santuko oporretan ezin izanen da Nafarroatik atera.
- Milagro herria konfinatua egonen da apirilaren 8ra arte.
- Etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara mantenduko dute.
Oporrak
- Gelaka alokatzen diren landetxeetara, apartamentu turistikoetara, eta osorik alokatzen dituzten etxebizitza turistikoetara joan daiteke, betiere Nafarroan. Baina espazio pribatuetan, bizikidetza-unitate berekoak bakarrik elkar daitezke, hau da, elkarrekin bizi direnak bakarrik hartu dezakete ostatu.
Ekitaldiak erabilera anitzeko aretoetan
- Erabilera anitzeko aretoetan ekitaldiak baimenduta egonen dira, baina debekatuak izanen dira barrenean egiten dituzten ospakizun familiar, sozialak eta lagunartekoak –jatekoaren eta edatekoaren kontsumoarekin–.
- Kanpoan gehienez ere 20 lagun elkartzen ahal izanen dira.
- 21:00etan itxi beharko dituzte.