COVID-19: Azken datuak

Positibo bakarra atzeman dute azken orduetan: Leitzan bat

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 07:44

Atzo Nafarroan Covid-19arekin kutsatutako 6 pertsona ospitaleratu zituzten, horietatik 4 ZIUn.

Azken datuen arabera, positibo bakarra atzeman dute gure lurraldean: Leitzan bat. Azkeneko 2 asteotan, martxoaren 13az geroztik, hamabi dira Leitzan atzeman dituzten positiboak. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %6koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 91 pertsona zeuden (horietatik 21 ZIUn). Atzeman zituzten 155 kutsatuen batez bertzeko adina 38,5 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.123koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 422 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 617 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 288 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 478 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, martxoak 26, 2.598 proba egin zituzten (1.404 PCR eta 1.194 antigeno proba) eta horietatik 205ek positibo eman zuten (%6)

COVID-19ak jota, atzo, martxoak 26, 6 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 4 ZIUn, eta 1 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 91 daude ospitalean, horietatik 21 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %62, Tuteran %13 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 111.015 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, martxoak 26, 2.431 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 36.475 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30 urtetik 44 urtera bitartekoak dira, eta 45 urtetik 59 urtera bitartekoak (%25); atzetik, 15 urtetik beherakoak (%18). Ondotik, 15-29 urteko taldea dago (%14), eta 60tik 75era bitartekoa (%13). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago (%4). Positibo berrien batez bertzeko adina 38,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 50 emakumeak dira eta % 50 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 53.598 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.123koa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun