Koronabirusa

Nafarroako ostatu eta jatetxeek barreneko aldea itxi beharko dute Aste Santua baino lehen

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 26a, 12:03

Ostatuek barreneko aldea itxi egin beharko dute apirilaren 8a arte. Argazkian, Narbarteko Herriko Ostatua.

Santos Indurain Osasun kontseilariak iragarri duenez, datorren astetik aurrera itxiko dute ostalaritza establezimenduen barnealdea, azken egunotan Nafarroan Covid-19 kasuen kopuruak gora egin duelako. Neurri honek apirilaren 8ra arte iraunen du.

Santos Indurain Osasun kontseilariak Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiarekin batera egin du agerraldia murrizketa hauen berri emateko. Ez du zehaztu zein egunetan sartuko den indarrean itxiera; izan ere, astelehenean txosten teknikoak Nafarroako Auzitegi Nagusira bidaliko dituzte eta epailearen abala jasotzeko zain geldituko dira. Nolanahi ere, «ahalik eta lasterren» indarrean jartzea espero dute, «Aste Santua hasi baino lehen, garai bereziki delikatua delako».

Horrela, ostalaritzaren barnealdea, orain arte % 30eko edukiera zuena, itxita geldituko litzateke, baina terrazak % 100ean irekita segitu ahal izanen dute.

Murrizketa berrien artean daude azalera handien edukiera murriztea (% 40tik % 30era pasako dira) eta bingoak, joko-aretoak eta jolas-aretoak ixtea.

Neurri horiek Covid-19 kasuen igoerarekin justifikatu ditu Indurainek. «Zenbat eta interakzio sozial handiagoa, orduan eta kutsatze gehiago eta ospitale-sisteman inpaktu handiagoa izanen dugu, eta datozen egunak bereziki aproposak dira horretarako», azpimarratu du. «Denbora kontua da ospitaleratzeetan eragina izatea, kutsadurak gora egin ahala. Aurrea hartu behar diogu geure egoerari».
 
Bertzalde, Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak erran du andui britainiarraren presentzia % 90ekoa dela. «Harreman sozialak areagotu direla ikusten ari gara, jendea gehiago elkartzen da, baina ezin dugu orain huts egin, nahiz eta nekatuta egon, amaieratik hurbilago gaudelako», azaldu du.

Itxaropen mezua zabaldu du Artundok: «ondoko egunetan eguraldi ona izanen dugu, eta horrek mesede egiten digu, txertoek mesede egiten diguten bezala. Bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan hornidura nabarmen handitzea espero da». «Txertoek zahar etxeetan izan duten eragina izugarria izan da. Ia ez dago kasu berririk», gaineratu du.

«Asteburu honetan eguraldi ona eginen du eta dena irekita egonen da, baina mesedez, kanpoan», eskatu die Artundok Nafarroako herritarrei.

 

Hauek dira heldu den astean indarrean sartuko diren murrizketak

Asteburu honetan Osasun Saileko arduradunek neurrien planteamendu osoa zehaztuko dute, eta astelehenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari azalduko diote, adostasuna lortzeko. Neurriak gehienez ere apirilaren 1eko 00:00etan sartuko dira indarrean, eta apirilaren 9ko 00:00ak arte egonen dira indarrean. Eta osasun larrialdiaren egoera hala eskatuko balu, egun gehiagotan ere luzatu ahal izanen dira murrizketak.
 
Barneko aldeak ixteko betebeharretik kanpo geldituko dira hoteletako jantokiak. Izan ere, hotelean ostatu hartu dutenei soilik zerbitzatu ahal izanen dizkiete otorduak, mahai bakoitzeko 6 pertsona gehienez ere. Gainera, osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola- eta unibertsitate-jantokietan, enpresa-jantokietan eta izaera sozialeko jantoki zerbitzuetan sartzen diren zerbitzuak ireki ahal izanen dituzte.
 
Gainera, salbuespen gisa, barneko aldeak irekitzeko baimena izanen dute salgaien garraioko langileentzako jatetxe-zerbitzua duten lokalak.
 
Terrazak %100 irekita egonen dira 21:00ak arte. Horietan, mahaien arteko distantzia 2 metrokoa izanen da, eta mahai bakoitzeko pertsona-kopurua ezin izanen da 4 baino gehiagokoa izan. Kopuru hori, salbuespen gisa, 6 izatera irits daiteke mahaikideen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatzen bada. Kontsumoa mahaietan eserita eginen da beti, eta nahitaez maskara erabili beharko da, kontsumizioaren unean izan ezik.
 

Terrazetan ezin izanen da erre pertsonen artean 2 metroko tartea bermatzerik ez bada. Gogoan izan debekatuta dagoela ibilian erretzea. Tabakoaren kontsumoari buruzko araua ez betetzeagatik 300 euroko zehapena ezarri da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun