Hortaz, orain arte bezala ezin izanen da Nafarroatik atera, ez Nafarroan sartu justifikatutako arrazoirik gabe eta etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara mantenduko dute. Eremu publiko irekietan gehienez sei lagun bildu ahal izanen dira, eta eremu publiko itxietan lau. Bertzetik, toki pribatuetako bilkurak bizikidetza unitate bakarrera mugatu beharko dira. Ostalaritzako establezimenduetan gehienez %30eko edukiera onartuko dute eta 21:00etan itxi beharko dituzte.
Gainerakoan, neurri hauek aipa daitezke:
- Haurren jolastokietan eta aire zabaleko kirol eremuetan gehienez %75eko edukiera onartua dute.
- Lasterkariek maskara erabiltzen segitu beharko dute ezin badute bermatu 1,5 metroko segurtasun-distantzia pertsonen artean.
- Denda ttikietan edukiera %50ekoa izanen da eta hipermerkatuetan %40koa eta beranduenez 21:00etan itxi beharko dituzte.
- Zahar etxeetara aitzinetik ordua hartuta joan beharko da bisitan, eta gehienez bi lagun joatea aholkatua dute.
- Bi metroko tartea mantendu ezin bada, debekatua dago erretzea. Dena den, terrazetan ez erretzea gomendatu dute. Karrikan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan erre daiteke, baina erretzaileek geldirik egon behar dute, mugitu gabe, eta bermatu beharko dute guttienez bi metroko segurtasun-tartea gordetzen dutela bertzeekin.