Hona hemen martxoaren 17tik 21era bitarte zer egin daitekeen eta zer ez jakiteko hainbat azalpen.
Zein dira zubirako ezarri dituzten neurri berriak?
- Erabilera pribatuko espazioetan egindako bilerak: bizikidetza-unitatekoak baino ez.
- Erabilera publikoko espazio irekietan egindako bilerak:gehienez ere sei pertsona.
- Erabilera publikoko espazio itxietan egindako bilerak: gehienez ere lau pertsona.
Etxeratzeko aginduak indarrean segitzen du?
Bai, etxeratzeko agindua 23:00etatik 06:00etara bitarte da, tarte horretan ezin da karrikan ibili.
Zubian Nafarroatik ateratzen ahal gara oporretara joateko?
Ez, Nafarroan indarrean dago konfinamendu perimetrala. Aurreikusitako salbuespen kasuetan ez bada, ezin izanen da Nafarroara sartu eta Nafarroatik atera.
Nafarroako landetxe batera joaten ahal gara?
Bai, gelaka alokatzen diren landetxeetara, apartamentu turistikoetara, eta osorik alokatzen dituzten etxebizitza turistikoetara. Baina espazio pribatuetan, bizikidetza-unitate berekoak bakarrik elkar daitezke, hau da, elkarrekin bizi direnak bakarrik hartu dezakete ostatu.
Ostalaritzako establezimenduen eta jatetxeen barrenean kontsumitzen ahal da?
Bai, barrenean kontsumitzen ahal da, baimendutako gehieneko edukieraren %30era arte.
Kontsumi dezakegu ostatu, jatetxe edo gisakoen barratan?
Ez, mahaian eta jarrita eginen da beti kontsumoa. Janari-edariak eskatzeko eta hartzeko izanen dira barrak.
Zer ordutan itxi behar dute ostalaritzako establezimenduek eta jatetxeek?
Beranduenez, 21:00etan.
Etxera eramateko janaria eska daiteke?
Bai, establezimenduan 22:30 arte bildu daiteke.
Erre daiteke ostalaritzako terrazetan?
Bi metroko tartea mantendu ezin bada, debekatua dago erretzea. Dena den, terrazetan ez erretzea gomendatu dute. Karrikan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan erre daiteke, baina erretzaileek geldirik egon behar dute, mugitu gabe, eta bermatu beharko dute guttienez bi metroko segurtasun-tartea gordetzen dutela bertzeekin.
Elkarteek itxita segitu behar dute?
Bai. 500 biztanle baino guttiago dituzten udalerri eta kontzejuetan, ez badago bertze kafetegi, jatetxe edo ostaturik, eta herritarrak elkartzeko lokal bakarrak elkarteak baldin badira, ireki daitezke.
Bertzelako zein neurrik segitzen dute indarrean?
Batzuk aipatzearren hauek:
- Beila eta hiletetan, gehienez ere 50 lagun elkar daitezke aire zabalean, eta hamar toki itxietan.
- Haurren jolastokietan eta aire zabaleko kirol eremuetan gehienez %75eko edukiera onartua dute.
- Lasterkariek maskara erabili behar dute ezin badute bermatu 1,5 metroko segurtasun-distantzia pertsonen artean. Jende aunitz biltzen den lekuetan, parkeetan, pasealekuetan, hiriguneetan edo antzekoetan, lasterka banaka ibiltzea gomendatu dute, ez taldean.
- Denda ttikietan edukiera %50ekoa da eta hipermerkatuetan %40koa. Beranduenez 21:00etan itxi beharko dituzte.
- Zahar etxeetara aitzinetik ordua hartuta joan beharko da bisitan, eta gehienez bi lagun joatea aholkatua dute.