Koronabirusa

Nafarroan ere AstraZenecaren txertoa paratzeari utzi diote

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 11:00

Espainiako Gobernuak AstraZenecaren txertaketa hamabortz egunez eten du.

Espainiak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak «prebentzioz» erabaki dute AstraZeneca botika etxearen txertoa ez jartzea, nahi gabeko ustezko ondorioengatik. Espainiako Gobernuak Sendagaien Europako Agentziak txertoaren eta tronbosien arteko harremana aztertu bitartean hartu du erabakia. Darias Espainiako Osasun Ministroak nabarmendu du AstraZenecaren txertoak duen «onura/arriskua erlazioa hor dagoela, Espainian 939.534 dosi eman direla eta kasu bakarra gertatu dela» frogatuz.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak urgentziazko Lurralde Arteko Kontseilua deitu zuen atzo, autonomia-erkidegoekin AstraZenecaren txertoa Espainian eten behar den aztertu eta erabakitzeko. Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoekin batera, txertaketa hamabortz egunez eteteko erabakia hartu du, Sendagaien Europako Agentziak txertoa eta honen ondorioak aztertzen dituen bitartean.

Nafarroan 17.251 dosi paratu dira

Otsailaren hasieratik, Nafarroako Gobernuak AstraZenecaren 23.600 dosi jaso ditu, eta horietatik %73 erabili ditu, lehenbiziko dosia emateko (17.251). Gaur-gaurkoz, ez dute ondorio larririk egiaztatu. Nafarroara gaur bertze 3.200 txerto ziren ailegatzekoak. 

Sendagaien Europako Agentzia txertoa aztertzen

Horrela, herrialdeak Sendagaien Europako Agentziak hartuko duen erabakiaren zain daude. Europan txertoa paratu duten bortz milioi pazienteen artean 30 tronbosi kasu atzeman dituzte, erakundearen arabera. Adituek, gertatutakoa «zehatz-mehatz» aztertu behar dela azpimarratu dute. Azkenik, txertoaren onurak izan ditzakeen kalteak baino nabarmen handiagoak direla erran dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun