COVID-19: Azken datuak

Hiru positibo gehiago atzeman dituzte azken datuen arabera: bi Beran eta bat Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 9a, 07:54

Azken datuen arabera, hiru positibo atzeman dituzte gure lurraldean: bi Beran eta bat Amaiurren. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %2,8koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 79 pertsona zeuden (horietatik 16 ZIUn). Atzeman zituzten 51 kutsatuen batez bertzeko adina 42,7 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.110ekoa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 414 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 588 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 276 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 474 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, martxoak 8, 1.802 proba egin zituzten (804 PCR eta 998 antigeno proba) eta horietatik 51k positibo eman zuten (%2,8)

COVID-19ak jota, atzo, martxoak 8, 3 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 2 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 79 daude ospitalean, horietatik 16 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %62, Tuteran %20 eta Lizarran %8. Gainerako positiboak (%10) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 78.046 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, martxoak 8, 352 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 25.319 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak dira (%36), eta 15-29 urtekoak (%22). Ondotik, 15 urtetik beherako taldeak daude (%14), eta, segidan, 30-44 urtekoak eta 75 urtetik gorakoak (%10). Azkenik, 60-75 urteko taldea dago, %8arekin. Positibo berrien batez bertzeko adina 42,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 51.850 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.110ekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun